Eduki publikatzailea

Voto rogado_eusk

Urriaren 4an jarri zen indarrean erregututako botoaren behin betiko indargabetzea

20/10/2022

Urriaren 3an argitaratu zen BOEn atzerrian bizi diren espainiar herritarren botoa arautzen duen Hauteskunde Legearen 75. artikuluaren idazketa berria.

Erreforma honen bidez, erregututako botoak eragindako arazo guztiak konpondu nahi dira, Espainiako kolektibitateak atzerrian egindako eskaerei erantzunez.

Horrela, ezabatu egiten da atzerrian bizi diren herritarrek botoa eskatu edo erregutu behar izateko betekizuna, eta, horri esker, guztiek jaso ahal izango dute dokumentazioa beren bizilekuan, ofizioz. Era berean, telematikoki deskargatu ahal izango den boto-txartela aukeran erabiliz gero, hauteskunde-agiriak bidaltzeko epeak aurreratu ahal izango dira. Horrek guztiak erraztuko du hautesleek dokumentazioa epearen barruan jaso dezaten, orain arte ez bezala, kasu askotan posible baita dokumentazioa bidaltzea hautagaitzak aldarrikatu eta aurkaratzeak ebatzi aurretik.

Erreforma hori osatzeko, botoa hautestontzian uzteko epeak hiru egunetik zazpi egunera luzatuko dira, eta botoa posta arruntez dagokion bulego kontsularrera bidaltzeko aukera mantenduko da, baldin eta hauteslea ezin bada botoa ematera joan horretarako gaitutako bulegoan. Gainera, atzerritik emandako botoak irekitzeko epea hiru egunetik bostera luzatzen da, eta tarte berean atzeratu egiten da boto-zenbaketa orokorraren epea.

Azkenik, berme-neurri gisa indartzen da hautesleen identifikazio-sistema posta bidezko botoaren kasuan, eta derrigorrezkoa izango da dagokion Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azalean, bozketa-gutun-azalarekin batera, pasaportearen edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia bat sartzea, Espainiako agintariek emandakoa, edo, halakorik ezean, Matrikula Kontsularraren Erregistroko inskripzio-ziurtagiria, Karrerako Bulego Kontsularrak edo bizi den herrialdeko Espainiaren Misio Diplomatikoaren Atal Kontsularrak emandakoa, bere garaian Hauteskunde Batzorde Zentralak proposatu zuen bezala.

Informazio gehiago hurrengo estekan.

 

​​​​​​​