Eduki publikatzailea

VI. Next Topaketa

Next VI. Topaketak 18 herrialdetako ia ehun nafar bildu ditu

28/12/2023

18 herrialdetan bizi diren ia ehun nafarrek parte hartu zuten abenduaren 27an Iruñean egin zen Next VI. Topaketan, Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntzarekin egindako ekitaldian.

Ana Ollo presidenteordeak Gobernuak emigratutako pertsonen kolektiboarekin duen konpromisoa azpimarratu zien bertaratutakoei. "Berriz ere, munduari irekita dagoen eta mugarik gabeko gizarte global batekin konprometituta dagoen Nafarroari ematen diogun erabateko babesa berresten dugu, zuetako asko eredu baitzarete. Babes hori, gainera, erakundeen edo arauen eremutik haratago doa, eta, era berean, askatasun- eta demokrazia-balio eta -printzipio batzuk hartzen ditu, eta horientzat ere ez dago – eta ez luke egon behar – mugarik ", esan zuen.

Ollok, bestalde, berretsi egin zuen Kanpoko Herritartasunari buruzko Legearen hurrengo arau-garapena, Nafarroako Kontseilua eta Erregistroa Foru Erkidegotik kanpo eratzeko dekretu baten bidez. Era berean, administratiboki atzerriratuen itzultzeko aukera errazteko edo eskualdean bizi direnekin aukera-berdintasuna ahalbidetzeko zenbait neurri aurreratu zituen. Topaketan, hainbat esperientzia pertsonal partekatzeaz gain, Nafarroan dauden formula eta neurriak jorratu ziren, mugikortasun handiko une batean talentua itzultzea eta atxikitzea errazteko.

Nolanahi ere, Next topaketen VI. edizioa bere parte-hartzeagatik nabarmendu zen, are gehiago Covid-19aren pandemiak eragindako ondorioak kontuan hartzen badira. Horrela, kanpoan bizi diren 96 nafarrek (75 aurrez aurre eta 21 online) parte hartu zuten Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuak, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin elkarlanean, antolatutako ekitaldian. Bertaratutakoen artean, Erresuma Batua, Txina, Suitza, Argentina, Mexiko, Estatu Batuak, Australia, Frantzia, Belgika, Suedia, Singapur, Austria, Kanada, Irlanda, Finlandia, Galizia, Katalunia, Madril eta Foru Erkidegotik etorritako nafarrak nabarmendu ziren.

"Nafarroatik kanpo bizi bazara, adi!" lelopean, José Ángel Andrés Gutiérrez Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiaren hitzaldiarekin hasi zen egitaraua.

Gero, Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek hartu zuen hitza, eta Next estrategiaren inguruan, aurten Nafarroa Kanpoko herritarrekiko harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legea onartzean, zentratu diren berrikuntza nagusiak azaldu zituen. Ildo horretan, bere asmoa kanpoan Nafarroako herritarrekiko harreman instituzionalak indartzea dela zehaztu zuen. Kolektibo hori osatzen dutenen laguntzak, eta babesa eta haien borondatezko itzulera erraztuko dituzten oinarrizko jardun-ildoak zehazten dituen euskarri juridikoa ezarriz. Horri dagokionez, kalkulatzen da 30.000 pertsona nafar inguru daudela kanpoan, migrazio-une eta -mugimendu desberdinen ondorioz, baita Nafarroako hogei bat komunitate ere.

Sergio Pérezek Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseilua eta komunitate birtualen figura berria arautuko dituen Foru Dekretuaren proiektuaren inguruko parte-hartze prozesuaren hasiera aurreratu zuen, legean bertan aurreikusitako arau garapenari erantzunez. Joan den hilaren 21etik aurrera ekarpenak egin daitezke Parte-hartze Atariaren bidez. Arau horiek Kanpo Ekintzako Planaren ardatzetako baten parte dira. Plan horrek "Nafarroa munduan" gaiarekin du zerikusia, zehazki Next estrategiarekin (talentuaren itzulera, atxikipena eta lankidetza), eta sailen arteko lanaren osagai garrantzitsua du.

Erakusketa honen ondoren, Diego Ruiz del Árbol Volvemos.org erakundeko zuzendari exekutiboak hartu zuen parte, itzuleraren gaiari ikuspegi oso praktiko batetik heltzeko, esperientzia pertsonalen blokea izan zenari bide emanez. Aurtengo elkarrizketaren protagonistak Alerie Guzmán eta Unai Villanueva izan ziren.

Alerie Guzmán Altsasukoa da eta Italian, Cambridgen, Belfasten eta Alacanten bizitako esperientziak kontatu zituen. Ikerlari honek zelula ama mota batek esklerosi anizkoitzaren garapenean duen papera aztertzen du, eta dagoeneko Alacanteko Osasun eta Biomedikuntza Ikerketa Institutuan eta Alacanteko Neurozientzien Institutuan ari da lanean.

Bestalde, Unai Villanuevak Londresen jarraitzen du, 12+1 London diskoetxe propioarekin. Bere 'alter ego', U Z Z V izenpean jarduera zabala garatzen du DJ modura, besteak beste, Kolonbia, Alemania, Estatu Batuak edo Italiako klubetan parte hartzera eraman duena.

​​​​​​​Interesa duten guztiek Nafarroako Kutxa Fundazioaren Youtubeko profilean ikus dezakete berriro topaketa, esteka honen bidez