Eduki publikatzailea

Reportaje Javier Andueza_eus

Javier Andueza, de revolucionar los Recursos Humanos a reinventar el hielo

Javier Andueza, Giza Baliabideak iraultzetik izotza berrasmatzera

23/06/2023

Madrilera joan zen laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, bere jaioterriko Lizarran saiheska zituen aukeren bila. Enpresa teknologiko handi batean ia hamabost urte eman ondoren, pandemiak munduko ekonomia astintzear zegoenean atera zen enpresatik. Bere burua berrasmatzera behartuta, bere lagun Mikel Soravillak jada patentatua zegoen berrikuntza industrializatzeko proposamena jaso zuen. Hielogel zuen izena proiektuak. Azken hiru urteetan, Anduezak bere energiak negozio hau bideragarri bihurtzera bideratu ditu, aplikazio zabalak dituen izotz erdi likidoa ia bat-batean sortzeko gai den teknologia baten inguruan.

Makinak ez ditut oso ondo ulertzen, baina pertsonak bai. Esaldi horrekin laburbiltzen du Anduezak bere ibilbidea. Eta egia esan, bere historia osoa entzun ondoren, aforismo moduko hori ziurra iruditzen zaigu. Pertsonenganako zaletasunak bultzatu zuen lehenik Gizarte Lana eta, ondoren, Soziologia ikastera. Eta Lizarra jaioterria utzi eta Madrilera aukera bila abiatzera bultzatu zuen ere. Milurteko aldaketa hurbiltzen ari zen, eta Andueza gazteak GGBBetan master bat egiten ari zen, enpresa teknologiko handi bateko pertsonal-departamentuetan ibilbide arrakastatsu baten eragilea izango zena. Azken urteotan eten egin da ibilbide hori parentesi berezi baina aberasgarri batengatik: Hielogel.

Hiriburuan, ONCE Fundazioan esperientzia labur bat eta giza baliabideen esparruan freelance gisa enkargu batzuk egin ondoren, CG2M ingeniaritzak Giza Baliabideak Hautatzeko eta Garatzeko arduradun gisa kontratatu zuen. Bost urtez luzatu zen abenturak pozgarria zitzaion esparru batean esperientzia irabazteko balio izan zion. Ondoren, Telindus enpresak Giza Baliabideen zuzendaritza eskaini zion.

Konpainia horretan, hamabost urtez lan egin zuen, Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen lehenengo egunetik, eta Giza Baliabideen estrategia integrala sendotu zuen, "plantillen definiziotik erakundearen kudeaketara, lan-arriskuen prebentziotik edo barne- eta kanpo-komunikaziotik igaroz".

GIZA BALIABIDEETAKO AITZINDARIA

Zenbakiek Anduezaren lan ona egun zuela islatzen dute. Txandakatze-tasa % 6 edo 7 ingurukoa izan zen, eta kopuru hori oso nabarmena da talentuarekiko norgehiagoka duen esparruan. ”Ingeniaria rara avis bat da, zaindu beharrekoa, eta formula bakarra ‘guztiontzako kafea’ da”, Anduezak azaltzen duenez. "Zer osagai ditu kafe horrek?", galdetzen diogu. Eta Anduezak xehatzen duen zerrenda oso luzea da.

Lehenik eta behin, ingeniariengandik oso gertu egoteko eskatu zion bere taldeari, haien beharrei aurrea hartzeko. Horrela sortu zuten pertsonak zentroan kokatzen zituen egitura bat, ordainsari malguko sistemekin, konpentsazio-plan sofistikatuekin, etengabeko prestakuntzarako barne-akademia batekin eta telekomunikazio-laborategi batzuekin.

Berrikuntzarik nabarmenena kaptazioaren esparruan gertatu zen. “Neurri batean asmatzaileak izan ginen. Sektoreko lehen konpainietako bat izan ginen, unibertsitateetara hurbildu eta talentuari zuzenean zuzendu zitzaiona. 30 bekaduneko basea genuen. Mantentzea oso zaila da, baina hori izan zen konpainiaren arrakasta handia”, Anduezaren esanetan. Enpresak Giza Baliabideen esparruan ezaugarri berezi batzuk gauzatzea lortu zuela defendatzen du.

Enpresan lan egin zuen garaian gauzatutako eraldaketa nabaria izan zen. Konpainia 60 langiletik 500 langile izatera igaro zen, 130 milioi euro inguruko fakturazioarekin eta bere sektorearentzat oso nabarmena den EBITDArekin. Eta hazkunde hori ez zen oharkabean pasa industrian. Hamar urtetan, jabetza nagusia bost aldiz aldatu zen. Belgikako Telindus eta Belgacom, arrisku-kapitaleko funtsak Corpfin Capital eta GPF Capital, eta, azkenik, Vinci Taldea, konpainiaren errentagarritasunak eta hazkunde handiak erakarrita iritsi ziren.

Azken erosketa horrek, Andueza enpresatik joan zedila eragin zuen. Irtsi ondoren, jabe berriek Batzorde Betearazleko kideak ordezkatu zituzten. “Enpresa-kultura oso markatua zuten, eta ulertzekoa da kultura hori gauzatu ahal izateko profilak nahi izatea. Enpresa-mugimenduak dira, eta ulertu egin behar dira”.

HIELOGELERA IRISTEA

Bere martxa 2020aren hasieran gauzatu zen. Bere industriaren dinamismoaren ondorioz, lan egiteko deirik falta ez zitzaiola ziurtatzen du. Baina benetan erakarri zuen deia bere lagun Mikel Soravillarena izan zen, MS Lizarra enpresako gerentearena, Lizarrako aire girotuko kontratista. Soravillak izotz likidoa sortzeko gai zen teknologia baten patente identifikatu eta erosi zuen, eta Anduezari teknologia horren inguruko negozio bat sortzeko laguntza eskatu zion. Azkenik, Andueza bazkide kapitalista gisa sartu zen, baina bere funtzioak Madrildik egiteko baldintzarekin, bertan baitago finkatuta bere familia.

Nafar honen eginkizuna argia da: negozio-ildoak zehaztea eta merkataritza-estrategia zuzentzea, bai eta interesdun potentzialei produktuaren aplikazioak erakustea ere, bereziki kirol-industrietan eta nekazaritzako elikagaien industrian. Azken urteak etengabeko abentura izan dira, eta, horren ondorioz, Barbatera joan da atunak hoztera edo Huelvara, ganba ultraizoztuekin gauza bera egiteko, bai eta herrialdeko nekazaritzako elikagaien enpresa handienetako batzuk eta teknologia berrietan interesa duten errendimendu handiko klubak bisitatzera ere.

Hielogelen onurak ugariak dira. Kirol-eremuan, erredurarik eragiten ez duen eta gorputzera primeran egokitu daitekeen izotz bat aplikatzea ahalbidetzen du, artikulazioak barne. Industria-aplikazioen kasuan, ez da hain oldarkorra hoztu beharreko produktuarekin, eta, gainera, energia aldetik azkarragoa eta eraginkorragoa da. Eta merkatuan dauden antzeko beste aukera batzuk baino askoz merkeagoa da, nitrogeno likidoa adibidez.

Merkatuaren harrera, nahiz eta sustapen-ahalegina ia hutsala izan den, oso ona izan da. Nekazaritzako elikagaien enpresen industria-inguruneetan ahoz ahokoa funtzionatzen ari da, eta aukera ugari ematen dizkie. Bere teknologia dagoeneko erosi dute Ametller Kataluniako enpresak, gazpatxo-aplikazio batean erabiltzeko; AMC Group murtziarrak, zukuak hozteko; eta Anduezak oraindik ezagutzera ez ematea nahiago duen Nafarroako eta Kataluniako beste enpresa batzuek, proiektuak abiatze-fasean daudelako. Nolanahi ere, merkataritza-zorroa 800.000 eurotik gorakoa da dagoeneko, kopuru aipagarria, kontuan hartuta merkaturatzea hasi berri dela.

Deigarriagoa da enpresak kirol-arloan egin duen ibilbidea. Industria honetan, Javi Martinez futbolaria bezalako preskriptore sutsuak ditu. Berak bere staffeko kide baten bitartekaritzari esker Hielogel probatu zuen eta Qatarren izan zyen abenturan kirol klub ezberdinetan gomendatu du. Aldi berean, UCAM Murtzia saskibaloi taldea, bere kirol instalazioetan makina bat dauka. Ronaldo Nazarioren Real Valladolidek ere proba egin zuen bere instalazioetan eta interes argia erakutsi zuen. Izan ere, El Yamiq, Pucelako klubean jokatzen duen marokoarra, azken Munduko Futbol Txapelketako protagonistetako bat izan zena, teknologiarekin poz-pozik geratu zen.

ETORKIZUNA ZEHAZTEKE

Teknologia merkatuan modu arrakastatsuan sartzen ari den arren, ekoizpen prozesua oraindik % 100 eskuz eta erabat ad hoc da. Izan ere, konpainiak bi bazkideak baino ez ditu plantillan. Gaur egun proiektuetan erabiltzen duten formula Soravilla buru duen beste enpresako langileak azpikontratatzea da. Eta nahita hartutako erabakia da. Oraintxe bertan teknologia araztea du helburu, eta pixkanaka bere onura anitzak merkatuan zabaltzea. Baina zuhurrak dira. Merkaturatzea areagotu aurretik teknologia heldua dagoela ziurtatu nahi dute. Izan ere, kapitala injektatzeko hainbat eskaintza jaso dituzte industrializatzen laguntzeko, baina guztiei entzungor egin diete.

Orain, plantilla handitzearen eta egitura propio bati forma ematearen aldeko apustua egiten dute, proiektua ilusioz hartuko duten ingeniari gazteak kontratatuz. “Hori da guri gustatzen zaiguna, errentagarritasunagatik, baina baita jende gazteak duen goseagatik eta asmatzeko eta arriskuak hartzeko gaitasunagatik ere”.

Nolanahi ere, Hielogelek forma hartzen duen bitartean, Anduezak bere bazkidearekin kolaboratzen du kudeatzen duen beste konpainian, MS Lizarran. “Hor berrantolatu dugu egitura, enpresaren kultura landu dugu eta urtebetean bikoiztu egin dugu fakturazioa”, azaltzen du Anduezak. Proiektu bikoitza da, eta oso ona aberasgarria suertatu zaio. “Enpresa bat eraldatzen eta beste bat garatzen ari naiz”, sintetizatu egiten du.

Etorkizunari dagokionez, Anduezak nahiago du iragarpenik ez egin. Hielogelen sartu zenean, bi urte inguruko epea ezarri zuen proiektuari forma eman eta ibilbiderik ba ote zuen erabakitzeko, eta hala jakinarazi zion bazkideari. Orain, kapitulu hau ekintzaile gisa gozatu du, Madrildik teknologia nafarraren startup bat garatuz, jakitun baita beste urtebete itxaron behar duela ondorioak ateratzeko, pandemia parentesi malkartsua izan baitzen. Ez du baztertzen Lizarrara itzultzea proiektua aireratzen bada. Baina, era berean, Giza Baliabideetako sailetan lan egitea ere faltan botatzen du, bere benetako grina baita. Kanpoan dagoen nafar honen etorkizuna edozein dela ere, pertsonek definituko dute.