Eduki publikatzailea

Juana García Orcoyen, Nafarroako lehen emakume mediku tituluduna

Juana García Orcoyen, Nafarroako lehen emakume mediku tituluduna, bere Erkidegoan inoiz aritu ez zena

31/05/2022

Juana García Orcoyen (Estenotz, Lizarraldea, 1901) Medikuntzako unibertsitate-titulua lortu zuen lehen emakume nafarra izan zen, eta Foru Erkidegotik kanpo garatu zuen bere ibilbide akademiko eta profesional osoa. Madrilen ikasi zuen, Unibertsitate Zentralean, eta 1925ean Kirurgia espezialitatean graduatu zen. Ondoren, Valentzian jardun zuen, eta han bizi izan zen bizitza osoa, bere senarrarekin batera tuberkulosiaren aurkako sendategi bat zuzentzen.

XX. mendearen lehen erdi hartan, Juana izan zen unibertsitateko ikasgeletara sartzen hasi ziren emakumeen parte, oraindik gutxiengoa zirenak. Emakume aitzindari izateagatik, Nafarroako Tertuliako Zuzendaritza Batzordeak omenaldia egin zion Madrilen 1925ean, Gran Vía hotelean bazkaria eginez. Bertan, Iruñeko Arroko arkumea jan zen eta guzti, Mujeres que la historia que no nombró liburuan jasotzen denez, María del Juncal Campo Guina eta kolaboratzaileek idatzitakoa.

Bere lurraldeko oroitzapenak

1983an, 82 urte zituela, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari bere dokumentu akademikoak eman zizkion, “nire lurraren historia txikia dokumentatzeko datu gisa erabili ahal izateko, emakumearen sustapenari dagokionez", garai hartako kazetaria zen Carmelo C. Ridruejok jaso zuenez, El País egunkarirako.

Valentziatik Juan Manuel Arza Foru Aldundiko presidenteari bidalitako gutunean, emakumea unibertsitatera iritsi ez zen garai batean mediku bihurtzeko izan zuen haurtzaroko ametsa nabarmendu zuen, eta hau gaineratu zuen: “Nafarroatik kanpo bizi arren, ezin izan dut nire lurra ahaztu, nire haurtzaroko eta gaztaroko urteak bertan bizi izan bainituen".

Familia oparoa

Juana bere anaia baino bi urte zaharragoa zen, Jesús García Orcoyen (1903-1988), XX. mendeko mediku nafar nabarmenetako bat. Ginekologian eta obstetrizian espezialista zen, eta zeregin garrantzitsua izan zuen arlo politiko-sanitarioan, estatu eta nazioarte mailan. Besteak beste, Ega hiriko ospitalearen eraikuntza bultzatu zuen, 1977an inauguratu zena eta bere izena daramana. Osasuneko Zuzendari Nagusi kargua lortu zuen.