Eduki publikatzailea

Ixa Berruezo_eus

Ixa Berruezo brindando

Ixa Berruezok nomada digitalentzako enpresa sortu du Indonesian

Hamar urtez jardun zen Nafarroako Gobernuan, baina pandemia ondoren bere bizitza norabidez aldatzea erabaki zuen, kultura asiarra sakonean ezagutzeko bere ametsa betetzeko. Egun, Bali, Jakarta eta Nafarroa bitartean saltoka ibiliz, bere lagun Irene Estradarekin batera Teletraviaja enpresa zuzentzen du, ingurune zoragarri batetik telelana egin nahi duten langileak dituzten enpresa espainiarrei laguntzea xede dutela.

Duela 43 urte, Tafallan arima biziko neska bat jaio zen. Ixa Berruezok dena jakin nahi zuen. Eskolan orduak ematen zituen galderak eginez, eta irakasleak harritu egiten ziren haren jakin-min aseezinarekin. Haurtzarotik ere gogoan ditu familiarentzat sevillanaz jantzita egiten zituen ikuskizunak. “Zortzi abizen nafartar baino gehiago dauzkat, baina sevillanak izugarri gustuko nituen”, dio barrezka. Orain, hamarkadak igaro direla, zaletasun berdinak izaten jarraitzen du eta Nafarroan udaran zehar egoten den Flamenco on Fire jaialdiaren zale amorratua da.

Txikia zenetik oso argi izan zuen zein ziren bere ametsetako lanbideak: arkeologoa edo publizista. Indiana Jones-en filmak maite zituen, eta agian bere patua lurpean esploratzen aritzea zela pentsatu zuen. Pixkanaka lehen aukera hori desagertzen joan zen, eta azkenik bigarrena hautatu zuen. “Telebistan iragarkiak ikusi eta txundituta geratzen nintzen”, oroitzen da.

“Txikia nintzela, telebistan iragarkiak ikusi eta txundituta geratzen nintzen”

Jarduera profesionala nora bideratu bazekien ere, nola lortzea erabakitzea ez zen lan erraza izan. Centro Integrado María Inmaculada ikastetxean Komertzio-administrazioko goi-mailako teknikari gisa prestatzea erabaki zuen. Bi urte geroago, ikasketak osatu zituen Centro Integrado Ana María Sanz ikastetxean Marketingo Goi-Mailako Gradua burutuz, eta ondoren gai berean graduatu zen Errioxako Unibertsitate Internazionalean. Mundu zabal horren barruan zertan espezializatu nahi zuen erabaki ondoren, Marketin eta Kudeaketa Digitalaren Zuzendaritza Masterra egin zuen ESIC Business & Marketing School-en.

Urte horietan zehar lortutako tituluak ohorezko matrikulak eta aparteko notak ageri zituzten. “Ikastea maite dut, beti joan nahi dut haratago. Gaia oso gustuko nuen, eta hori notetan ikusten zen. Ikastean autorrealizatuta sentitzen nintzen”, adierazten du. Gainera, azken uztailean amaitu zuen DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra, Ekonomia eta Enpresen Administrazioan espezializatuta: “Ikaragarri gustuko dut nire lanbidea irakastea eta jakin-mina neukan irakaskuntzarekiko”. Egia esan, hain du gustuko ikastea horixe egiten jarraitu nahi duela. “Ez nioke inoiz ikasteari utziko. Etorkizunerako erronka gisa, kontsumitzaileen portaerari buruzko doktoretza egin nahiko nuke”, gehitzen du.

“Ikastean autorrealizatuta sentitzen naiz. Ez nioke inoiz ikasteari utziko”

Oposaketak egin zituen Nafarroako Gobernuan lan egiteko, eta funtzionario gisa Teknologia Berrien eremuan aritzeko aukera eskaini zioten. Bertan aritu zen hamar urtez, eta komunikazioa, administrazioa, promozioa, I+G+B eta energia behatokiak edota Foru erkidegoko marketin turistikoa bezalako eremu ezberdinetan egin zuen lan, non buruzagi izatera iritsi zen. Gobernuan izandako ibilbideaz gogoratzean, hasperen egin eta mito ezaguna ezeztatzen du: “Ez da egia askok diotena. Askok funtzionarioen lana eta jarrera zalantzan jartzen dute, baina nik pertsona oso profesional eta atseginak ezagutu ditut, eta asko ikasi dut haiengandik”.

HAU DA GARAIA

Ixa pozik zegoen, baina zerbait falta zitzaion. “Beti izan naiz ipurterrea. Bidaiatu egin nahi nuen, bizitzan aldaketa bat behar nuela sentitzen nuen, eta garaia horixe zen”, azaltzen du. Bere ametsetako helmuga Asia izan zen beti, beraz abenturan murgiltzea erabaki zuen. Baina prestatu egin behar zuen. Lehenik Txinara joatea pentsatu zuen, master bat egitera, eta hizkuntza bereganatzeko Iruñeko akademia batean matrikulatu zen. Baina pandemia iritsi eta ametsa zapuztu zitzaion.

Asiara joateko ideiak liluratzen jarraitu zuen, eta 2021ean Indonesiara joan zen oporretan. Orduan maitemindu zen leku hartaz. Bisita hori nahikoa izan zen azkenik bere funtzionario plazan eszedentzia eskatzeko. Momentu hartan prestatzen hasi zen, baita herrialdearen eta Espainiaren artean zubi profesionalak bilatzen ere.

Honela, Double-m-ek, enpresei nazioartekotzen laguntzen dien aholkularitza batek, elkarrekin lan egitea eskaini eta komertzializazio internazionalaren esparruan sakontzeko aukera eman zion, izan ere Singapurren, Malaysian, Vietnamen, Thailandian, Filipinetan eta Indonesian ezarri nahi diren enpresa espainiarrekin egiten dute lan.

BI KULTURA “OSO EZBERDIN”

“Dirudienez, denbora gutxian Indonesia munduko laugarren potentzia bihurtuko da”, baieztatzen du 43 urteko nafarrak. Faktore hori izan zen gakoa Ixak urtearen zati bat han eta bestea Espainian pasatzea erabakitzeko. “Bi herrialdeen artean nabil, eta batetik bestera joatean beti harritzen naute ezberdintasun kulturalek”, aitortzen du. Adibidez, han elkarrizketetan ohikoak dira isiluneak. “Hasieran arraro samarra da. ‘Hitz egiteari utzi dio?’, pentsatzen duzu. Baina ez. Etenaldia besterik ez da”, argitzen du. Izan ere, indonesiarren izaeran geldotasuna nagusitzen da. Horregatik “ez dira adituak puntualtasunean”, dio txantxetan, bere sorterria den Nafarroan ordutegiak zurrunagoak direla aitortuz. “Asian pazientzia lantzen eta etengabeko urduritasunean ez bizitzen ikasi dut. Ulertu dut azkenean gauzak beti iristen direla, itxaron behar baldin bada ere”, adierazten du.

Klima ere ez da Foru-erkidegokoa bezalakoa, hain zuzen. Han tenperaturak ez dira hainbeste aldatzen, ez daude muturrik ezta sekulako kontrasterik. Eta hori Ixak eskertu egiten du: “Ez dut gehiegi pentsatzen nola jantziko naizen edo txamarra hartu behar dudan etxetik ateratzean. Tontakeria dirudi, baina erabaki gutxiago hartu behar dituzu eta hori garunarentzat lasaitasuna da”.

PARADISUKO HONDARTZA BATETIK LAN EGITEA

Hain bizia zen Asiarekiko zeukan interesa, Inés Estrada lagunarekin zeuzkan elkarrizketen gai nagusi bihurtu zela. Biak Foru-erkidegoaren eta Indonesiaren arteko lankidetzarako bide berriak bilatzen aritzen ziren. “Asiak asko dauka eskaintzeko: energia berriztagarriak, nekazaritzako elikagaiak, makineria, mediku-taldeak, automobilgintza... Aukeren abakoa oso zabala da, eta Nafarroak guzti horretaz ikastea lortu behar dugu”, ziurtatzen du. Hain luzeak ziren haien elkarrizketak, non bat-batean proiektu oso originala sortzea bururatu zitzaien.

“Indonesian pazientzia lantzen eta etengabeko urduritasunean ez bizitzen ikasi dut. Ulertu dut azkenean gauzak beti iristen direla, itxaron behar baldin bada ere”

¿Ordenagailuarekin ametsetako leku batetik lan egitea? ¿Paradisuko hondartza batetik team-building ekintzak egitea? Ideia erakargarria zen. Beraz bi lagunak lanean hasi ziren eta duela lau hilabete Teletraviaja sortu zuten, helburu oso argi batekin: ezagutza legal, fiskala eta eguneratua eskaintzea pertsona batek Asiako hego-ekialdetik telelana egin ahal dezan. “Jendeak telelanaren abantailak ulertzea nahi dugu, eta hilabete batzuk beste herrialde batetik lan egitea legala dela jakitea. Ez dago oztoporik egin ahal izateko”, azpimarratzen du.

Zinez sinesten du aldi batez online lan egitea enpresentzat zein langileentzat onuragarria dela, eta berretsi egiten du Nafarroa beste kulturekin aberastu egin behar dela. “Langile bat beste herrialde bateko jendearekin harremanetan badago, litekeena da bere enpresari ideia eta aukera berriak ekartzea”, dio. Gainera, bere enpresak zuzendarientzat “detox programak”, talde formakuntzak, ingeles ikastaroak eta Nomads Viajesagentziak antolatutako bidaiak ere eskaintzen ditu. “Ideia da erabiltzaileek ingurune idiliko batean deskonektatu ahal izatea, gero lanera gogo eta poztasun gehiagorekin itzultzeko”, azpimarratzen du.

LETRA ETA ARROZ-SORO BITARTEAN

Ixa Nafarroa, Jakarta eta Bali bitartean dabil. Eta hiru helmuga horietatik aitortzen du azkena izan dela bere bihotzean txoko berezia lortu duena. “Istorio baten barruan zaudela dirudi”, dio hasperen eginez. Honela, haurra zela kondairak irenstetik hain maite zituen istorioen protagonista dela sentitzera pasa da. Orain idaztera ere ausartzen da. “Bi liburu dauzkat amaitu gabe, erlazioei eta sentimenduei buruzkoak. Nire barne-munduan sakontzea gustatzen zait”, azaltzen du. ¿Noizbait kaleratuko dira istorio horiek? “Ez ditut nire izenarekin argitaratu nahi, zama emozional handiko testuak dira eta lotsa emango lidake. Ez dut gustuko esatea ‘aizue, begira, hau nik egin dut!’. Zentzu horretan nahiago dut ez nabarmentzea”, argitzen du lotsaturik.

Nahiz eta Bali munduko leku gustukoena duen, garrantzitsua iruditzen zaio irlara joan aurretik bidaiaren xedea argi edukitzea. “Bali mota asko daude. Adibidez, ‘Benidorm Balia’ dago, ‘surf egiteko Balia’, ‘Bali espirituala’, tenplu hinduistaz beterik, itxurakeria egiteko bakarrik etortzen den jendearen Balia... Bazatoz, zure denbora zertan eman nahi duzun erabaki behar duzu. Bestela, desengainatu egingo zaitu”, nabarmentzen du.

Hark erabaki du zein Balin finkatu nahi duen: pertsona ekintzaileentzat txoko bat gordetzen duen horretan. “Paisaia honek eta transmititzen dizkidan sentsazio positiboek bihotza betetzen didate. Ohetik altxa eta pentsatzen dut: ‘Pribilegiatu bat naiz’”.