Eduki publikatzailea

Amaia Goñi_eus

Imagen de Amaia Goñi

Amaia Goñi, Volvo Cars erraldoiaren software ingeniaria

Matematikako irakasleek zenbakiekiko eta elektronikarekiko jakin-mina piztu zioten. Honela, 40 urteko atarrabiar honek Telekomunikazioaren Goi Mailako Ingeniaritza ikasi zuen NUPen. Foru‑erkidegoko entitate eta enpresetan lan egin ostean, hala nola CITEAN eta Tegui, atzerriko aukerekin probatu nahi izan zuen. Horregatik joan zen Nurenbergera, eta bertan ezagutu zuen bere senarra. Bederatzi urte ostean, Göteborgera joan ziren bizitzera, eta bertan bizi dira haien bi alabekin.

Atarrabiarra “bihotzez”, Amaia Goñik bere burua “izaera ikusbera” daukan emakume gisa definitzen du. Agian errealitate ezberdinak zalantzan jartzen hasi zen momentua bere ahizparen jaiotza izan zen. “Sei urte neuzkan, ederki oroitzen naiz. Nik begiratu eta hain txikia zirudien... Bat‑batean dena jakin nahi nuen umeei buruz”, oroitzen da. Gauza da jakin-min dela aurkikuntza handien eragilea. Galdera ikurrak erabiltzeak eragin zuen Amaiak bere etorkizuna aurkitzea.

Lorenzo Goicoa ikastetxean, irakasleek pixkanaka bere mundua handitzen zuten, batez ere matematika irakasleek. Amaiak gustuko zeukan arazoak planteatu eta ebaztea, eta horretarako zenbakiak aliatu gisa ikusten zituen. “Irakasle batek ordenagailu ia historiaurrekoak erabili zituen informatika irakasteko. Bost geneuzkan klase osoarentzat, apur bat kaotikoa zen”. Momentu hartan hasi zen beregan elektronikarekiko interesa hazten.

Ordea, nahiz eta mundu hori gustuko izan, unibertsitate gradu bat hautatzerakoan ez zuen hain argi izan. Gazte askok, selektibitatetik (gaur egungo USEa) atera berriak, nahiko galduta egoten dira. Ohikoa da entzutea “ez dago erakartzen nauen aukerarik” edo “ez dago ikasteko moduan interesatzen nauen gradurik”. Aurkako egoeran daudenak ere badaude: aukera gehiegi dauzkatenak. Amaia azken taldean zegoen. “Gustuko neukan Zuzenbidea, ingeniaritza ugari... Ikastetxean orientatzailea bagenuen ere, inoiz ez nuen argi izan zer egin nahi nuen. Gauza askok erakartzen ninduten eta zaila da hautatzea”.

“Lekuz aldatu nahi nuen, zerbait berria probatu. Zerbaitek esaten zidan atzerrira joan behar nintzela”

 

Azkenik, Telekomunikazioaren Goi Mailako Ingeniaritza ikastea erabaki zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Egun pozten da ia itsu-itsuan emandako pauso hartaz, baina onartzen du lehen urteak oso zailak izan zirela. “Graduaz gozatzen laugarren mailan hasi nintzen. Ikusi zein berandu!”, egiten du barre orain. Horrela, bere aurpegia poztasunez betetzen da eta, ahots sendoaz, aholku bat botatzen du airera: “Gaztetan, denok sentitzen gara apur bat galduta. Ez da hainbeste kezkatu behar, pazientzia landu behar da. Aukera bat eman behar zaie hartutako erabakiei, nahiz eta hasieran gustuko ez baditugu”.

Gradua amaitzerakoan, beka batek lan munduaren ateak ireki zizkion. Hamar hilabetez, Nafarroako Automobilgintzaren Berrikuntza Teknologikorako Zentroan (CITEAN) hazten jarri zituen bere ahaleginak, eta maitasunez gogoratzen du esperientzia hori. “Unibertsitatetik ateratzerakoan, oso txikia zarela iruditzen zaizu, dudak dauzkazu... Gero ikusten duzu funtsean ez dela hainbesterako”. Bere buruan eta bere ahalmenekiko uste apur bat gehiagorekin, beka amaitzerakoan Tegui-rekin topatu zen, atezain automatikoen enpresa batekin hain zuzen. Izan ere, Navarra Capital-eko bulegoen atariko sistema enpresa horrek berak sortu zuen, eta Amaiak proiektuan parte hartu zuen ingeniari elektroniko gisa. Bertan egon zen lau urtez, baina behin ere jakin-min horrek atera deitu eta segituan gertatu zen aldaketa handia bere bizitzan. “Lekuz aldatu nahi nuen, zerbait berria probatu. Zerbaitek esaten zidan atzerrira joan behar nintzela”.

Frantzia? Italia? Erresuma Batua? Alemania? Nabarmentzen ziren aukerak bere herrialdetik gertu egongo zela ziurtatzen zutenak ziren. “Hilabetez egon nintzen lan bila, nire zortziehun curriculum egongo dira Europan zehar. Banekien hor kanpoan zerbait egongo zela niretzat”, dio txantxetan, bere sena beti jarraitu izanagatik harro. Kontu handiz pentsatu ondoren, lur germaniarretan saiatzea erabaki zuen. Hizkuntza izan zen bere erabakiaren gakoa: “Aleman apur bat nekien, unibertsitatean eta hizkuntza eskolan ikasi nuen, eta abenturara joan nintzen”. Herrialde teutoiko enpresek segituan izan zuten interesa, eta hainbat elkarrizketa bideokonferentzia bidez izan ondoren, Paragon AG‑k, automobilgintza hornitzaile batek, Nurenbergera hegan egitea proposatu zion. Amaiak ez zuen dudarik izan, eta Alemanian etorkizun itzela izango zuela ziur egonda, maleta egin eta hegazkinera igo zen.

“GUTEN MORGEN”-AREN SERIOTASUNA

“Software ingeniari kontratua eskaini zidaten. Cockpit‑arentzako (autoen aurreko panelean kokatutako gailu digitala) aparatuak egiten genituen, eta baita autoaren klimatizazio sistemak ere”, zehazten du, lan horiek maite zituela azpimarratuz. Ordea, dena ez da beti idilikoa. Nurenbergen geratzea aldaketa zaila izan zen. “Astelehenetan enpresara iritsi eta kideekin kafe bat hartu bitartean asteburuan egindakoak kontatzera nengoen ohituta. Alemanian ‘guten morgen’ esan eta besterik gabe lanean hasten dira. Jendearen izaera oso ezberdina da”, kontatzen du. Hasiera hori zaila izan zen ere Amaia hara joaterakoan ez zeukalako bizilekurik. “Pisurik gabe nengoen, banku kontu bat ireki behar nuen, Gizarte‑segurantzan alta eman behar nuen... Lehen hilabetea zoratzeko modukoa izan zen, bereziki ez nuelako alemana guztiz menperatzen”.

Baina hizkuntzari esker, kaos guzti hori alde batera geratu zen. Nurenbergeko hizkuntza eskolan izena eman eta bertan ezagutu zuen egun bere senarra den gizon txiletarra: “Jorge eta biok maitemindu, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta orain bi alaba liluragarri dauzkagu”.

Zoriontsu zirenez, Alemanian bederatzi urte baino gehiago geratu ziren. Amaia Siemens-en I+G Departamentuan hasi zen lanean, eta hiri aleman hori etxe bihurtu zen. Bizitzan zortea zeukatela zirudien, baina pandemiaren iritsierak dena aldatu zuen.

ALDAKETA BERRIAK

Debekuz debeku, eta bere Nafarroa maitera itzuli ezin izateaz nazkatuta, Amaiak herrialdea alde batera uztea erabaki zuen. Suediara bizitzera joatearen ideia gustatzen hasi zitzaion, bereziki bere lan esparruan dauzkaten aukera ugariengatik. Lan berri baten bila, Volvo Cars enpresarekin topatu zen, eta behin erabakia hartuta, familiak maletak egin eta Göteborgera joan ziren. Egun software ingeniari lanetan dabil bertan, eta familiarekin bizi da “edonon poztasuna nabaritzen den” etxe batean.

Zuhaitzez beteta dago hirian, eta “argi berezi bat” omen dauka. Paisaia ikaragarriez inguratuta, egunak harmoniarekin pasatzen dira. “Haurtzaindegitik gertu baso bat dago. Bertako natura ikaragarria da, une oro pozik egoteko gogoak ematen ditu”, azaltzen du.

“Nafarroara etortzen gara data garrantzitsuetan. Egia esan nire alabak espainiarrak baino suediarrak dira. “Guiri” azentua eta guzti daukate!”

 

40 urterekin, dudarik gabe aitortzen du hura dela bere lekua munduan. Baina Foru‑erkidegoa ere faltan sumatzen du, bereziki gurasoak: “Asko pozten nau nire neskak haien aiton-amonekin ikusteak. Egun berezietan gatoz, adibidez Gabonetan. Egia esan nire alabak espainiarrak baino suediarrak dira. “Guiri” azentua eta guzti daukate!”.

Irribarrea aurpegitik kendu ezinik, iraganean emandako pauso guztiekin pozik, Suedia liluragarria dela berresten du. Ordea, ez dago Espainiako gastronomia bezalakorik. “Oxala hemengo pintxoak han eduki ahal izatea! Janari kontuetan, dudarik gabe Nafarroarekin geratzen naiz”, dio amaitzeko.