Breadcrumb

Eduki publikatzailea

NEXT topaketak 18 herrialdetan eta beste erkidego batzuetan bizi diren ehundik gora nafar elkartu ditu Iruñean

28/12/2024

18 herrialdetan eta beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren ehun nafar baino gehiago bildu ziren Iruñean egin zen VII. NEXT Topaketan, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak antolatuta. Bere hitzaldian, lehendakariorde eta kontseilari Ana Ollok beste herrialde batzuetan bizi diren pertsonen eta Nafarroako gizarte eragileen arteko topagune honen garrantzia azpimarratu zuen, "2025ean egingo den Kanpo Harremanetarako II. Planean jaso eta indartuko den jarduera ildoetako bat".

Iruñeko Alde Zaharreko Zentral aretoan egin zen ekitaldian, Alberto Guzmán kazetariak aurkeztuta, Ollo lehendakariordeak azpimarratu zuen Gobernuak konpromisoa hartu duela migratutako pertsonen kolektiboarekin, hainbat neurri ezarri direla Nafarroarekiko loturari eusteko, eta neurriak hartu direla Nafarroara itzultzen laguntzeko zein Foru Erkidegoan bizi direnekin aukera-berdintasuna izateko.

"Distantziari aurre eginez" lelopean, kanpoan bizi diren ehun pertsona baino gehiagok (96 aurrez aurre eta 13 online) parte hartu zuten "Next Topaketaren" zazpigarren edizioan. Zehazki, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Qatar, Herbehereak, AEB, Argentina, Mexiko, Luxenburgo, Irlanda, Finlandia, Australia, Alemania, Kanada, Suedia, Hong Kong edo Singapurretik; eta Galizia, Katalunia edo Madrilgo erkidegoetatik etorritako nafarrak izan ziren bertan.

Ekitaldiaren hasieran, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezek ongietorria eman zien bertaratutakoei, eta NEXT Estrategiaren berritasun nagusiak, hala nola Nafarroako Kanpoko Herritarrekiko Harremanei buruzko Legearen garapenari eta Nafarroako Komunitateen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen eta horien aintzatespen eta erregistro ofizialerako prozedura ezartzen duen Foru Dekretuaren onarpenari buruzkoak.

Jarraian, migrazioan aditua den Belén Navío Villalobos psikologo eta Volvemos.org. Laguntza Emozionaleko Zerbitzuaren koordinatzailearen txanda izan zen. Bere hitzaldia "Alderantzizko Kultur Talka" delakoari buruzkoa izan da, bere lurraldera itzultzea erabakitzen duten etorkinek dituzten zailtasun emozionalei lotua.

Ondoren, Rípodas Laquidain familiako kideek beren esperientzia pertsonala partekatu zuten bi ikuspuntutatik: geratzen diren pertsonena eta beste leku batera abiatzen direnena.

Segidan, Next RetorNa zigiluak banatu zitzaizkien Nafarroako herritarrak kanpotik itzultzearekin konprometitutako zenbait erakunderi: Erriberako Enpresen Elkartea (Beatriz Remonek ordezkatua); Lizarrako Merindadeko Enpresarien Elkartea (Carlos Ros presidentearekin); Asociación de Empresarios de la Zona Media / AEZMNA (Susana Grozin gerentearekin); eta Clen College akademia (Alfonso Larrayoz zuzendariarekin).

Ekitaldiari amaiera emateko, lehendakariorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok azpimarratu zuen azken legegintzaldietan Gobernuak konpromisoa hartu duela kanpoan diren herritar nafarrekiko harremanak indartzeko, kudeaketa-neurri eta arau zehatzekin, bai eta mundura irekita eta mugarik gabeko gizarte global batekin konprometituta dagoen Nafarroarekin ere. "Uste dut konpromiso hori – azpimarratu du lehendakariordeak- erakunde edo arau-esparrutik harago doala, balore eta printzipio jakin batzuekin, eta balio eta printzipio horietarako mugarik ere ez dagoela, eta ez litzatekeela egon behar".

Atzerrian dauden Nafarroako Komunitateen Kontseilua laster jarriko da abian

"Administrazioaren arduradun garen aldetik, tresna publikoak eta neurriak artikulatzea da gure erronka, zuen bizitza – aniztasunetik abiatuta elkarbizitzan oinarritutako bizitza – ahalik eta onena izan dadin. Zubiak eraiki eta ateak ireki, hormak eraiki edo mugak itxi beharrean. Gaur, mundua inoiz baino globalagoa da, eta gizartea likidoa eta aldakorra da", adierazi zuen Ollo lehendakariordeak.
"Zuen esperientziak, bizipenak eta testigantzak dira horren adibiderik onenak. Horregatik, Kanpo Ekintzako taldetik lehentasun osoa dugu Nafarroako Gobernuak kanpoan bizi diren herritarrekin duen harremana; urrats berriak ematen ari gara dinamika eta lotura horiek indartzeko eta bizilekuaren gainetik aukera eta eskubide berdintasuna bermatzeko", jarraitu zuen.

Ildo horretan, eta ondorio gisa, Ollo lehendakariordeak Gobernuko Kanpo Ekintzaren hiru jarduera-ardatz nagusiak errepasatu zituen. Lehenengoa, Gobernuak esparru horretan duen aurrekontu-konpromiso berritua, berriki onartutako Aurrekontu Orokorren esparruan. Bigarrena, Kanpoko Nafar Herritarrekiko Harremanei buruzko Legearen garapenari arau-bultzada ematea, zeina laster zehaztuko baita Kanpoan dauden Nafar Komunitateen Kontseilua abian jartzean. Eta, azkenik, 2025ean Kanpo Harremanetarako II. Plana – departamentuen artekoa– egiteko eta onartzeko prozesua, datozen urteei begira, orain amaitzen den lehen planaren aplikaziotik ikasitakoa oinarri hartuta.