Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Sergio Primicia, 2010ko Mundiala eman eta Iker Casillasen saila ekoiztu zuen iruindarra

28/05/2024

Eskolako txango bati esker, Sergio Primiciak ikaragarrizko zaletasuna hartu zion istorioen kontaketari. Geroago, zaletasun horri forma ematea erabaki zuen kameraren atzean lan eginez. Hogeita bost urte baino gehiago egon da 49 urteko iruindar hau Canal Plus eta Movistar Pluseko programak ekoizten, hala nola "Informe Robinson" edo "El Día Después". Gainera, 2010ean Hegoafrikako munduko txapelketa lehen ilaratik bizi izan zuen, baita Andrés Iniestaren gol ezaguna.

Iruñean jaio eta hezi zen, eta gurasoak etxean ez zeudenean neska gazte batek zaintzen zuen. Sergiok gertutik entzuten zituen hark lo egin aurretik kontatutako ipuinak, leporaino maindireekin estalita zegoela. Istorio guzti horien artean, bat badago egun ere barregura ematen diona eta maitasun bereziarekin gogoratzen duena. "Galtzerdi berdeak zeramatzan hartz bati buruz zihoan".

Sofan, telebistaren agintea esku artean zeukala, bigarren kanalari sakatu eta geldirik geratzen zen animalien dokumentalak ikusten. "Argi neukan kazetaritzan edo animaliekin zerikusia zeukan zerbaitetan lan egin nahi nuela", azaltzen du, jarraian argituz bigarren aukera hori pixkanaka desagertzen joan zela. Horrela, Nafarroako Unibertsitatean Informazioaren Zientziak ikastea erabaki zuen, eta ikus-entzuneko arloan espezializatu zen. Nostalgia nabaritzen zaio ahotsean hain "oroitzapen politak" eman zizkion bere garai unibertsitarioan pentsatzean…

KULTURAREN "MOTORRA"

​​​​​​​Hirugarren mailan, El Planeta de la Nueva Generación sortu zuen lagun batzuekin batera, zinema, musika eta egunerokotasunari buruzko aldizkaria. "20.000 kopia zabaldu ziren doan Iruña, Zaragoza, Logroño eta Valentzian. Nire ustez apur bat kulturaren motorra izan ginen", nabarmentzen du, kontzertu ugari sustatu zituztela ere aipatuz. Gainera, hura izan zen Planeta Pop programaren zuzendari eta aurkezlea, Cadena Ser-en astero lokutatzen zen Iruñeko Los 40 Principalesen.

Gradua amaitzerakoan, ikasketak Madrilgo Universidad Complutensen osatzea erabaki zuen, Zinematografia eta Telebistako Ekoizpen Masterra eta Canal Plusen (egungo Movistar Plus) praktikak eginez. Garbi gogoratzen da katean izandako lehen egunaz, bere eredu nagusietako bat ezagutu zuen: "Bat-batean, atetik Michael Robinson sartu zen. Txikitan nire idoloa zen. Bere partidu guztiak ikusten nituen eta bat-batean hor zegoen, nire mutur aurrean". Eskuz esku egin zuen lan futbolari ohi eta esatari famatuarekin, eta azkenean adiskidetasun sendoa sortu zen bion artean. Horrela, ekoizpen laguntzaile lanak egiten zuen El Día Después programan eta hainbat futbol, eskubaloi eta boleibol partidetan. Bizitzako garai hori "ferietako bizitza" gisa deskribatzen du. "Espainiako ia tren geltoki eta futbol zelai guztiak ezagutzen nituen. Asko ikasi nuen, entziklopedia baten barruan banengo bezala", oroitzen da.

SANFERMINAK ETA MUNDUKO TXAPELKETA

2007eko uztailak 7. Sergio egun hartaz atzo balitz bezala gogoratzen da. "Historian lehen aldiz, entzierroa berandu hasi zen". Urte hartan, taldearen ideia berrikuntzak egin eta spidercam bat erabiltzea zen, ibilbide anbiziotsu batean zehar, Estafeta kale erdian hasi eta Telefónican amaituko zena. Kableak, polea, kamera ezartzeko garabia… Arazo handiena asi baino lehen iritsi zen, hesia apurtu baitzen gainean zegoen jendetzagatik. "Jende asko igo zen gure garabiara entzierroa ikusteko, eta mekanismoaren zati bat apurtu zen", damutzen da.

Sakonki markatu zuen beste gertakari bat 2010ko munduko futbol txapelketa da, Hegoafrikan. "Bihozkada izan nuen, eta Espainiak irabaziko zuela sinetsiz, ikusi nahi nuen", azaltzen du irribarre batekin. Horrela, 42 egun eman zituen Johannesburgen zuzenekoak grabatzen, albistegiak egiten eta mundu osoko telebistekin esperientziak partekatzen. "Ikaragarria izan zen", dio hasperen eginez. Eta oraindik gehiago Espainiak finala irabaztean, Iniestaren gol ikaragarri horrekin, bereziki Sergiok urte batzuk geroago ezagutu ahal izan zuelako.

2016an Telefónicak Canal Plus erosi zuen, eta Movistar Plus izena jarri zioten. Orduan, Sergiok Iker Casillasen bizitzari buruzko telesaila grabatzeko aukera sortu zitzaion, "Colgar las alas" izenez. "Ideia Porton jokatzen zegoela jasandako infartuagatik sortu zen. "Bere errekuperazioaren jarraipena egin genuen eta harentzat garrantzitsuak ziren pertsonak elkarrizketatu genituen, hala nola Vicente del Bosque". Iker eta Iniesta elkartu genituen, batera Mundukoko finala ikus zezaten. Gola ordenagailu horretan ikusi zuten, gu biok elkarrizketa egiten ari garen ordenagailuan hain zuzen", azpimarratzen du barre artean.

Movistar Pluseko ekoizle gisa, 49 urterekin Sergiok "pribilegiatu bat" dela sentitzen du, gehien bat Informe Robinson programa ekoiztu izanagatik. "Bidaiatzeko aukera eman dit", esaten du. Estatu Batuak, Zeelanda Berria, Japonia… Bisitatzeko zortea izan duen leku guztietatik, agian Txad izan da gehien markatu duena. "Errefuxiatu nigeriarren esparru batean egon ginen. Haietako askok haien etxeetatik ihesi atera behar izan zuten, haien familia erail zutelako".

Bertan emakume batzuen egunerokotasuna eta haiek antolatutako futbol partida grabatu zuten. Oroitzapen eta sentsazioen artean, oraindik mantentzen duen ezinegona partekatzen du gurekin: "Asko oroitzen naiz neska haietaz. 14 urte zituztela ezagutu nituen eta asko pentsatzen dut ea nola dauden orain. Bidaia horrek gauzak ikusteko modua aldatu zidan".