Eduki publikatzailea

Proceso participación Comunidades en el Exterior_eus

Kanpoko Nafar Komunitateen eta bere Kontseiluaren erregulazioan parte hartzeko epea zabaldu da maiatzaren 15a arte

04/04/2024

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua, bai eta komunitate horien onarpen eta erregistro ofizialerako prozedura ere arautuko dituen Foru Dekretuaren zirriborroa argitaratu du Parte-hartze Atarian. Ekarpenak jasotzeko prozesu parte-hartzailea apirilaren 4tik maiatzaren 15a arte egongo da zabalik, Parte hartu, Nafarroa! atarian.

Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseilua iaz sortu zen, otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legearekin, kanpoan diren nafar herritarrekiko harremanei buruzkoa. Lege horren xedea da kanpoan dauden nafar herritarrekiko harreman instituzionalak indartzea, eta kolektibo hori osatzen dutenen laguntzak, diru-laguntza eta babesa eta haien borondatezko itzulera bultzatuko dituzten oinarrizko jarduera-ildoak zehazten dituen euskarri juridikoa ezartzea.

Horrela, Foru Dekretuaren proiektuak legean bertan aurreikusitako arau-garapenari erantzuten dio, eta berariaz arautuko ditu honako alderdi hauek: Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua, kanpoan dauden Nafarroako komunitateak aitortzeko eta erregistratzeko prozedura, eta kanpoko komunitate birtualen kontzeptua eta izaera.

Saio parte-hartzailea online apirilaren 15ean

Orain, ekarpenak egiteko partaidetza-prozesua irekiko da. Prozesu horretan, hainbat komunikazio-ekintza aurreikusten dira herritarrak iradokizunak aurkeztera animatzeko, eta, besteak beste, eztabaida-saio birtual bat egingo da apirilaren 15ean, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak parte hartuko duena, eta Estatuko zein atzerriko nafar etxe guztiak gonbidatuak izan dira.

Gaur egun, Nafarroako Gobernuak harreman estua du kanpoko hogei bat komunitate nafarrekin; horietatik 13 Espainiako hainbat hiritan daude banatuta, 4 Argentinan, 1 Kuban eta 1 Parisen. Urtero, Gobernuak zentro horien jarduera-gastuak, lokalen mantentze-lanak eta funtzionamendua, inbertsioak eta abar finantzatzeko laguntzak deitzen ditu. 3/2023 Foru Legearen arabera, "Nafarroaren ondasun komunerako aktibo bat da, Nafarroako Foru Komunitatearen kanpo-proiekzioan duten eginkizun garrantzitsuagatik", eta solaskide erreferentetzat hartzen ditu kanpoan dauden Nafarroako herritarrei buruzko gaietan.

Nafarroako komunitate horiek "enbaxadore" gisa jarduten dute Nafarroako Foru Komunitatearen kanpo-proiekziorako eta haren nortasun-ezaugarriak zabaltzeko; era berean, lotura dira Nafarroatik kanpo bizi diren pertsona guztien artean. Foru Dekretuaren zirriborroak, gainera, 3/2023 Legean jasotako Nafarroako erkidego birtualak arautuko ditu.