Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Pablo de Sarasate: Hariei hitz eginarazi zien biolinista

21/08/2024

XIX. mendeko Nafarroak aro erromantikoko biolinaren birtuoso handienetako baten jaiotza ikusi zuen, Pablo Martín Melitón de Sarasate y Navascués, munduan zehar Pablo de Sarasate izenez ezaguna. Bere ondare musikalak “Aires gitanos”, “Danzas españolas” eta “Fantasía Carmen” bezalako pieza hilezinetan dirau, garaiko izpiritu eta grinak atzematen dituzten lanak hain zuzen.

Prodijio bat San Nicolás kalean
1844ko martxoaren 10ean, Iruñeko San Nicolás kalean jaio zen Martín Melitón Sarasate y Navascués. Musikari militar eta Aragoiko Erregimentuko bandaren zuzendari izandako Miguel Sarasate Juanenaren eta Francisca Javiera Navascués Oarriechenaren seme, musika gaztearen zainetan zegoen. Haurtzaro goiztiarretik nabaritu zuen familiak bere talentua.

Lehen urteetan zehar etxean ikasi ostean, haurrak partiturak alfabetoko letrak baino lehen irakurtzen ikasi zuela gogoratzen zuen aitak. Zazpi urterekin, Coruñan, prestakuntza hasi zuen José Courtier-ren babesarekin, Santiago de Compostelako katedraleko lehen biolina hain zuzen. Bere debut publikoa ez zen asko luzatu: 1952ko urtarrilaren 13an, zortzi urte besterik ez zituela, Coruñan aurkeztu zen publikoaren miresmena bereganatuz, baita Juana de Vega idazlearena ere.

Iruñetik Parisera
Semearen etorkizun liluragarriaz kontziente, Sarasate familia Madrilera joan zen, non Martín Melitón, hala ezagutzen baitzuten garai hartan, Errege Antzokiko publikoa txunditu zuen. Isabel II.a erregina, bere talentuak harrituta, ikasketak Parisen jarraitzeko diru-laguntza eskaini zion, eta hiria bere ibilaldian mugarri izan zen.

Ordea, ospea lortzeko bidea ez zen erraza izan. Parisera bidaian, 1856an, Martín eta ama koleraz kutsatu ziren Baionan, eta amak bizitza galdu zuen. Hamabi urterekin, Martín Ignacio María García Alonso kontsul espainiarraren babespean geratu zen, zeinak hiriburu frantsesean ezartzen lagundu zion.

Parisko Kontserbatorio entzutetsuan sartu zen, eta Jean-Delphin Alard irakaslearen zuzendaritzapean azkar nabarmendu zen. 1857an, kontserbatorioko Lehen Biolin Saria jaso zuen, eta 1859an Europa eta Amerikako eszenatokietan hasi zen jendea liluratzen. Bere maisutzak Max Bruch, Camille Saint-Saëns eta Édouard Lalo bezalako konpositoreak inspiratu zituen, gazte bertutetsuari lanak dedikatu baitzizkieten.

Sarasate, Iruñerako ikonoa
1900. urtean, Sarasate Biarritzen ezarri zen, “Navarra” deitutako etxe batean, eta bertan gozatu zuen lasaitasunaz ibilaldi musikal luze baten ostean. Ordea, bere osasuna okerrera egiten hasi zen eta 1908ko irailaren 20an hil zen biriketako gaitz baten ondorioz.

Bere gorputza Iruñera eraman zuten, eta bertan egin zioten hileta. Horretaz geroztik, urtero azaroaren 1ean Iruñeko hiriak bere oroitzapena ondratzen du omenaldi musikalarekin eta lore-koroa bere hilobian ezarriz.

Pablo de Sarasatek utzitako ondarea ez dirau bere konposizioetan bakarrik, mundu osoko biolinista eta musika klasiko-maitatzaile guztiei eskainitako inspirazioan ere iraungo du. Bere historia haur prodijio batena da, zeinak artearen eta musikaren indarraren bitartez mugak gainditzea lortu zuen.