Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Santo Domingotik Espainiara, ‘gaming’ sektorean lan egitera Marvel, Disney eta Paddington hartzarekin

25/03/2026

Santo Domingon jaioa, Michelle Pérez sei urterekin Etxarri Aranatzera joan zen bizitzera, bere aita bertakoa baitzen. Denborarekin, ibilbide oparoa garatu zuen BocaBoca Producciones, Gameloft edo Grupo Mondia bezalako enpresa ezagunetan. Duela bost urte, berriz, MPB Licensing sortu zuen, enpresei sektore interaktiboan sartzen laguntzen dien aholkularitza-enpresa. Paddington hartzaren bideojokoaren garapenean parte hartzeaz gain, gaur egun Milango Pinacoteca Ambrosianaren ordezkaria da, Leonardo da Vinciren kodea esparru digitalera eramateko.

Bere aita, Etxarri Aranazkoa, 1950eko hamarkadan Ameriketara joan zen etorkizun hobe baten bila. Dominikar Errepublikan ezagutu zuen bere emaztea izango zena, eta harekin alaba bat izan zuen: Michelle Pérez. Santo Domingon hazi zen, kolorez beteriko kaleen artean eta olatuen etengabeko hotsaren laguntzaz, harik eta sei urterekin Espainiara etorri eta Nafarroan, aitaren jaioterrian, kokatu zen arte. Ordutik aurrera, bere pauso bakoitza bi munduren arteko elkarrizketa txiki bat izan da: jaiotza eman zion klima tropikal beroarena eta harrera egin zion etxe zaharrarena. Bere oroimenean ehundu ditu utzitakoaren nostalgia eta bidean aurkitutakoaren lilura.

«Shock bat izan zen; aldaketa oso handia bezala bizi izan nuen, eta asko markatu ninduen», gogoratzen du 46 urte dituela. Lehen etxetik urrun egon arren, gurasoek beti bultzatu zuten mundua ikaskuntzaren bidez esploratzen jarraitzera. Uda oro atzerriko kanpalekuetara joaten zen, eta ikasturte batzuk Ingalaterran eta Frantzian eman zituen. Egonaldi horiei esker, hizkuntzak ikasi eta kultura desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen. «Etxera itzultzen nintzenean, opariak eramaten nizkien senideei. Beti kanpoan zegoen lehengusina tipikoa nintzen», dio irribarrez.

Hizkuntzetarako zuen gaitasunari esker, Parisko L'école Européenne des Carrières Internationales (ISIT) eskolan Nazioarteko Zuzenbidea ikastea erabaki zuen. Hiriak berehala liluratu zuen: kaleek, kafetegiek, liburu-dendek… denak bere jakin-minaren neurrira eginda zirudien.


AISIALDIAREN ETA ENTRETENIMENDUAREN ZALEA
Ondoren, Madrilera joan zen bizitzera, eta bertan finkatu zen. Prestakuntzari jarraipena eman zion Universidad Carlos IIIn Nazioarteko Merkataritzako masterra eginez. Lan munduan lehen esperientzia merkataritza-enpresa batean izan ondoren, azkenean entretenimenduaren sektorean sartzea erabaki zuen, BocaBoca Produccionesen eskutik. «Formatuen Erosketa Sailean sartu nintzen. Telebista-programetarako eskubide eta lizentzien negoziazioak aztertzen nituen», azaldu du, eta nabarmendu du Pasapalabra saioko aurkezlearen casting-ean parte hartzeko aukera izan zuela; lehen hautatua Christian Gálvez izan zen.
Hiru urte ekoiztetxean eman ondoren, Gameloft enpresa frantsesak kontratatu zuen, ordenagailu, kontsola eta mugikorrentzako bideojokoen garapenean eta salmentan espezializatua. «Hamaika urte eman nituen bertan, eta, batez ere, jabetza intelektuala sektore interaktibora eramateaz arduratu nintzen. Azkenean, Global Licensing Director kargua hartu nuen eta saila mundu mailan zuzendu nuen. Disney edo Marvel bezalako markentzat lan egin nuen», azaldu du harro. Madrilen lan egin ohi bazuen ere, Parisa sarritan bidaiatu behar izaten zuen: «Haurtzaroan Frantzian egindako egonaldia, unibertsitate garaia eta ikasitako hizkuntzak oso lagungarriak izan ziren han naturaltasunez moldatzeko».
Geroago, Grupo Mondian hasi zen, Ekialde Hurbilean eta Afrikan joko interaktiboen eta eduki digitalen banaketa kudeatzeko. Lau urte inguruko etapa horretan, entretenimenduaren unibertsoan sakontzen jarraitu zuen, etengabe eboluzionatzen ari zen sektore batean, ikuspegi estrategikoa eta sormena uztartzea eskatzen duena. «Une oso interesgarria zen, edukiak kontsumitzeko modua asko aldatzen ari baitzen. Bideojokoek eta plataforma digitalek gero eta garrantzi handiagoa hartzen zuten», azaldu du.

BERE ENPRESA SORTZEA
Pandemiaren ondorioz, aspaldidanik buruan bueltaka zuen pausoa ematea erabaki zuen: bere proiektu propioa abiatzea. Nazioarteko enpresa handietan urteak eman ondoren eta marka globalen lizentziak kudeatzen ibili ostean, bere esperientzia guztia zerbait propioan aplikatzeko garaia iritsi zela sentitu zuen. Horrela sortu zen MPB Licensing, duela bost urte sortutako aholkularitza-enpresa, industria desberdinen eta sektore interaktiboaren arteko zubiak eraikitzea helburu duena.
«Literatura eta kirol arloko enpresentzat lan egiten dut, besteak beste, bideojokoen bidez sektore interaktiboan sartzea nahi dutenentzat. Esaterako, Milango Pinacoteca Ambrosianaren ordezkaria naiz Leonardo da Vinciren kodea sektore interaktibora eramateko. Errealitate birtualeko esperientzia bat eta museorako aplikazio bat sortzen ari gara», zehaztu du. Nabarmendu duen beste proiektu bat Paddington hartzaren bideojokoa da, Roblox plataforman argitaratua.


Agian, atzera begiratuta, Michelleren ibilbidea bi ertzen arteko zubi batekin alderatu daiteke. Dominikar Errepublikako hondartza argitsuetatik Nafarroako mendialde lasaieraino, Parisko bulebarretatik eta Madrilgo erritmo etengabera igaroz, etapa bakoitzak arrasto ezabaezina utzi du mundua ulertzeko duen moduan. Gaur egun, bere negozioaren buru, gehien gustatzen zaiona egiten jarraitzen du: kulturak, ideiak eta pertsonak lotzea. «Gaming-aren esparrua etengabeko hazkundean dago. Izan ere, belaunaldi berrientzat sozializatzeko modu bat bihurtu da, denbora asko ematen baitute jolasean. Nire eginkizuna markei kulturalki esanguratsu izaten laguntzea eta beren publikoarekin konektatzeko modu berriak aurkitzea da», ondorioztatu du.