Bolibar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosarioko Nafar Zentroetako gazteek Nafarroa bisitatuko dute Foru Gobernuak antolatutako programa bati esker
23/06/2025
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezekin batera, Gobernuak antolatutako Udako Eskolan parte hartzen ari diren Argentinako gazte talde bat hartu du, gaur goizean, Nafarroako Jauregian.
Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren NEXT Estrategiaren barruan kokatzen da Udako Eskola programa, eta Argentinako Bolivar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosario hirietako Nafar Zentroetatik datozen gazte horien eta Foru Komunitatearen errealitatearen arteko harreman zuzenak bultzatzea da haren helburua, gazteek Nafarroako kulturaren, ohituren eta historiaren oinarrizko alderdiak barnera dezaten.
Bere hitzaldian, Ollo lehendakariordeak Nafar Zentro eta Etxeek "gure tradizioen eta nortasunaren zabalkundean" egiten duten lan garrantzitsua azpimarratu nahi izan du. Halaber, zoriondu egin ditu gazte argentinarrak "Gobernuak funtsezkotzat jotzen dituen eta nahi ditugun loturei jarraipena emateagatik, belaunaldien ezberdinen bitartez jarraitzen dutenak eta Nafarroarentzat benetako giza kapitala direlako".
"Badakigu zuek herritar aktiboak zaretela zuen inguruneetan, eta, beraz, erraza izango zaizue hemen kezkak partekatzen dituzuenekiko elkarguneak eta konexioak aurkitzea. Zuen kasuan bezala, zuekin batera etorkizunaren giltza eskuetan eta mundu hobea eraikitzeko erantzukizuna izango dutenek. Diskriminaziorik, xenofobiarik eta desberdinarekiko gorrotorik gabeko mundua. Mundu atseginagoa eta solidarioagoa", adierazi du Ollo lehendakariordeak.
Nafarroako Jauregian harrera instituzionala egin aurretik, ekainaren 28ra arte Foru Komunitatean egongo den gazte taldea Iruñeko Alde Zaharrean ibili da, eta udaletxera hurbildu da. Geroago, gazteek Nafarroako Parlamentua bisitatuko dute.
Egonaldian zehar, gazteek ondoko herri hauek zeharkatuko dituzte: asteartean, hilak 24, Erdialdea eta Erriberri, Tutera eta Errege Bardeako Parke Naturala bisitatuko dituzte; hilaren 25ean, asteazkena, Donejakue Bidea, Gizateriaren Ondare Immateriala, bisitatuko dute Eunateko Santa Maria, Obanos, Gares eta Lizarra barne; hilaren 26an, osteguna, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatuko dute, ondoren Amaiur, Zugarramurdi eta Elizondora joateko; hilaren 27an, ostirala, Iratiko Oihana bisitatuko dute, goizean, eta arratsaldean, Orreaga/Orreaga eta Donibane Garazi. Azkenik, ekainaren 28an, larunbata, Zangozako eskualdean barrena ibiliko dira, Irunberriko arroila, Leyreko monasterioa eta Xabierko gaztelua bisitatuz.