Games Workshop en zentral britainiarrean Warhammer eko miniaturak margotzen dituen iruindarra
21/08/2024
Telebistako iragarki batek piztu zion Warhammerreko miniaturenganako interesa, etorkizun distopiko batean girotutako estrategia-jokoa hain zuzen. Informatika ikastaroak irakatsi eta komertzial lanak egin ondoren, Carlos Miguélezek bere “hobby”a lanbide bilakatu zuen. Enkarguz hasi zen margotzen, eta ondoren Iruñeko Warhammer dendako “manager” izan zen, jokoa sortutako Games Workshop enpresak Nottinghameko egoitzara joatea proposatu zion arte. Bertan bizi da duela hiru urte.
Bere bikiaren ondoan sofan eserita, Carlos Miguélezek telebistako agintea esku artean dauka. “Ia zer jartzen duten gaur”, xuxurlatzen du. “Kanal hau ez... beste hau ere ez...”, jarraitzen du apur bat gogorik gabe, hainbat kliken konpasa jarraituz. Bat-batean gelditu egiten da. Iragarki batek interesa pizten dio. Kuriositatez, bolumena igo eta bere atentzio guztia bereganatzen duten miniaturazko panpina original batzuei begira geratzen da, eta segituan anaiari ukondokada pare bat eman eta pantaila begiratzera gonbidatzen du. “Eta honek jolasten saiatzen bagara?”, proposatzen dio, bere etorkizuna panpina txiki horiekin lotuta egongo zela jakin gabe.
Ozta-ozta hamahiru urte zituztela hasi zen Warhammer unibertsoa bikotea harrapatzen. Mahai joko liluragarri horrek, etorkizun distopiko batean girotuta eta akzio panpina txiki batzuk protagonista gisa, haien egunerokotasunaren parte izatera pasa zen laster. Hilabetean behin, bikiak Iruñeko kaleetan gora korrika joaten ziren ziztu bizian, kioskora bidean. “Warhammerren faszikulu berria nahi dugu”, zioten geldirik egon ezinik, irribarre handi-handiekin. Galtzetako poltsikoak astindu, kioskariari hilabeteko aurrezkiak eman eta ziztu bizian itzultzen ziren etxera, lagunekin batera jolasteko.
Pixkanaka, Carlosek geroz eta denbora gehiago eman zien panpinatxo horiei. Orduak ematen zituen entretenituta, pintzela eskuan, margotzen. Laster bilduma handitzen joan zen. Marine espazialak, orkoak, gerlari tiranidoak, nekroiak… “Amak ez zuen espero hainbesteko konpromisoa izatea. ‘Ume honek ez du beste ezer egiten! Ez doa zinemara, ez da kalera ateratzen… Panpinatxoekin jolastu besterik ez!’, esaten zidan”.
“HOBBY” BAT PROFESIONALIZATZEA
Egia esan haurra zenetik ondo moldatzen zen sormenarekin erlazionatutako guztiarekin. Izan ere, eskolako irakasgai gustukoena Plastika zuen. Baina, prestakuntza zertan egingo zuen erabakitzeko orduan, oso sektore ezberdina hautatu zuen. Familian, informatika arloa oso presente egon izan zen, belaunaldiz belaunaldi ere pasatuz. Anai nagusia, aita, osabak… Hala, Carlosek mundu horretan zortea probatzea erabaki eta Informatikako Lanbide Heziketa (LH) Iruñeko Centro Integrado Cuatrovientos en egin zuen.
Ikasketak amaitzean, zentro horretan bertan eta Nafarroako Gobernuan egin zuen lan formakuntza ikastaroak irakasten. Hainbat webgune ere sortu zituen bere kasa. Baina lana aurkitzea nahiko zaila izan zen, eta gure protagonista sektorez aldatzera behartuta egon zen. “Denbora batez nire lehengusuarekin egon nintzen komertzial lanak egiten etxeetan segurtasun kamerak instalatzeko. Ez zitzaidan gehiegi gustatzen”, onartzen du, bere denbora librean Warhammer panpinak muntatu, margotu eta biltzeko aprobetxatzen zuela azpimarratu ostean. Orduan, ideia bat bururatu zitzaion eta galdera asko izanda ere abenturarekin hasi zen: Eta zortea probatu eta hobby hura lanbide bihurtzen bazuen?
“Bildumagile askori ez zaie margotzea gustatzen eta norbaiti ordaintzen diote haien bildumak margotzeko. Beraz horretan hasi nintzen”, kontatzen du. Lanera jarri zen, kartelak erakusleihoetan eta Iruñeko kaleetan jarriz lehen bezeroa lortu arte. Oraindik ondo gogoratzen du bere izena: “Joseba deitzen zen. Sanferminetako panpinak zeuzkan, igeltsuaren antzeko material batez eginak. Erraldoiak, buruhandiak, kilikiak… Berrehunaka ematen zizkidan nik margotzeko”, gogoratzen da orain, 36 urterekin. Lehen bezero horren ostean, “ahoz ahokoak” bere lana egin arte itxaron zuen.
Carlosek Josebak emandako enkarguak bezalakoak egiten zituen, baina Warhammer miniaturak ere margotzeko tarteak aurkitzen zituen. “Torneoak egiten dira, xakea edo beste edozein jarduerarekin bezala. Askotan, panpinak margotuta egotea eskatzen da. Hor sartzen nintzen ni jokoan. Beira arasetan kokatzeko zerbait bereziki polita nahi zuten pertsonak ere bazeuden, eta lan zehatzagoa egiten nuen horietan”, gehitzen du, Iruñean Warhammer jokalari asko daudela gehituz.
IRUÑETIK NOTTINGHAMERA
Garaian, munduak Iruñeko Warhammer dendan lan egiteko aukera eman zion, Pío XII etorbidean. Bertan orduak ematen zituen lokaleko kudeatzailearekin hizketan, eta Games Workshop joko garatzailearen Erresuma Batuko egoitza nagusian zortea probatzeko esaten zion. Bere aholkuari jaramon egin eta Nottinghamera joan zen elkarrizketa egitera. Firmak fitxatu ez izan arren, etorkizunean bere izena eramango zuen lanpostua agertuko zen.
Laster lortu zuen Iruñeko lokaleko manager lana, eta bertan geratu zen lau urtez. Baina bat-batean proposamen interesgarri batek lurralde anglo saxoia mapan berriro jartzea eragin zion. “Warhammer barruan, Eavymetal talderako pertsona baten bila zebiltzan, hau da, miniaturak kalitatez margotzeko gai izango zen norbait, xehetasun handiz liburu azaletan agertzen diren horiek bezala”, azaltzen du, azpimarratuz hiru urte daramatzala enpresan margolari lanak egiten.
Hasiera batean Warhammer “bata bestearen aurka” estiloarekin diseinatuta zegoen, baina bikoteka edo taldeka jokatzea ere posible da. “Estrategia joko bat da. Zinta metrikoa eta dado batzuk erabiltzen dira miniatura bakoitza noraino iristen den ikusteko. Normalean, partida estandar batek hiru ordu irauten ditu, eta jokalariak hogei eta hogeita hamar urte bitartekoak dira, nahiz eta denetarik egon, baita erretiratuak ere”, zehazten du marine espazial txiki bat esku artean daukala, eta aipatzen du bi egun behar izaten dituela panpina bakoitza margotzeko.
Nahiz eta Carlosek Nottinghamen “zoriontsu” dagoela aitortu, batzuetan nostalgiak bisita egiten dio. Asko gogoratzen da bere Nafarroa maiteaz. Izan ere, Bardenen eta paisaia nafar idilikoen argazkiak erakusten ditu edonora doala ere: “Beti hitz egiten dut Iruñeari buruz harrotasun osoz”.