Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Antonio Suberviola, Andorrako etxez etxeko laguntzarako lehen enpresa sortu zuen nafarra

24/09/2024

Ganaduzale eta nekazarien seme izanda, Suberviolak laster jakin zuen bere etorkizuna ez zegoela lehen sektorean. Los Arcosen jaioa, ingeniari honek ibilaldia Rennes eta Parisen garatu zuen, eta aurrerago VSA Comunicación enpresako delegazio madrildarrean lurreratu zen. Enpresa horren egoitza Andorran ireki ostean, Cuida’m sortu zuen, adinekoei edo menpekotasun egoeran dauden pertsonei etxez etxeko laguntzan espezializatutako printzerriko lehen enpresa. Pandemiak proiektua zapuztu ion, baina teknologia irakasle gisa eraberritu da.

Esnatu bezain laster, entzuten zuen lehen gauza onomatopeia pot-pourri bat zen. Marru-marru! Kurrin-kurrin! Kukurruku! Oraindik erdi lotan, ohetik altxa eta arrebarekin batera untxiak zeuden txokora joaten zen korrika. “Zuek arduratuko zarete zaintzeaz”, gogoratzen zien aitak, haiek baietz esan eta kaioletan janaria jarri bitartean bitartean. Denborarekin lan horiek erakargarritasuna galtzen joan baziren ere, egia da ganaduzale eta nekazarien seme izateak bitxikeria mordoa bizitzeko aukera eman ziola. Egun, Antonio Suberviolak ezin du irribarrea aurpegitik kendu iraganaz pentsatzean, jaioterri duen Los Arcos maitea eszenatoki nagusi gisa daukalarik.

 

Sekula ez zuen argi izan bere ametsetako lanbidea zein izango zen, baina bazekien zentzuk ez ziren: “Ez nuen baserritarra ezta nekazaria izan nahi. Aitak ez zeuzkan igande ez oporrik... Oso lan akigarria da”. Horrela, eskolan matematikak gustatzen hasi zitzaizkionean, konturatu egin zen zainzuriak jasotzea eta untxiak zaintzea haurtzaroko oroitzapenetan utziko zituela. Bere bokazioa zenbakietan zegoen. Horregatik aurrerago Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) Ingeniaritza Industriala ikastea erabaki zuen.

 

Ikasle-egoitza? Ikastetxe nagusia? Ikasle-pisua? Batek graduari hasiera ematean bat-batean badirudi munduak aukera mordoa eskaintzen dizkizula. Antoniok lehen urteak egoitza batean igarotzea erabaki zuen, eta gero apartamentu txiki batera joan zen “unibertsitate‑esperientzia osoa” bizitzeko. Asteko egun gogokoena ostegunak izaten ziren, eta ikasteko asko zeukanean liburutegia zuen gogokoen. “Ikasleek gure estualdiak partekatzeko leku bat bilatzen genuen. Hor elkartzen nintzen lagunekin”, oroitzen da barre artean. Gure protagonistak oraindik ez zekien, baina hori ez zen liburutegi batek, liburu eta apunte artean, bizitza aldatuko zion aldi bakarra.

 

FRANTZIAKO LURRERATZEA

 

Graduko azken urtean atzerrira joateko diru‑laguntza eskaini zioten. Maleta pare batekin eta munduko ilusio guztiarekin hegazkinera igo eta Rennesen (Frantzia) lurreratu zen. “Han jende liluragarria ezagutu nuen”, azpimarratzen du, aurrerago Parisen nola amaitu zuen kontatu aurretik. Bere buruaz harro, oraindik gogoratzen da Iruñeko ingeniari kongresu batera joan zen aldia, non bertako eskuorriek Eiffel dorrearen irudia zeukaten. “Egunen batean hara joan eta argazkia errepikatuko dut”, pentsatu zuen gure protagonistak. Ametsa bete zuen.

 

Frantziako hiriburuan garapen profesional eta komertzialeko laguntzaile lanak egin zituen, zehazki Mediakeys enpresan. Baina hiriko prezioak “sinesgaitzak” ziren, beraz ia hiru urteren ostean Espainiara itzultzea erabaki zuen. “Kafe bat hartzea ere zen garestia!”, gehitzen du. Orduan iritsi zen Madrilera, eta marketin munduan zortea probatu zuen VSA Comunicación enpresan controller karguarekin. Hilabete batzuen ostean eta zeruertzak zabaltzeko helburuarekin, enpresak delegazio bat jarri zuen martxan Andorran. “Zerotik hastea zen, eta erronka hori gustatu zitzaidan. Garapen planaz arduratu nintzen, baita estruktura sortzeaz, hornitzaileak kudeatu eta kontratatzeaz...”.

 

Ideia guztiak garatzeko bulegorik gabe oraindik, Antonio liburutegi batera joaten zen lan egitera. Han izan zen, preseski, emaztea ezagutu zuen tokia. “Ni liburutegiko okupa nintzen. Batzuetan badirudi ezer gertatzen ez den toki bat dela, baina gauza interesgarriak egosten dira”, dio txantxetan. Azkenean delegazio bat irekitzea lortu eta hamar urtez burutu zuen. Eta aldi berean formakuntza ostatu zuen Ramón Llul Unibertsitateko Project Management Masterraren bitartez. Horrela, lortutako ezagutza berriekin, ekintzaile bilakatu zen: “Beti izan dut ezagutzeko eta gauzak egiteko izaera, probatzea gustuko dut”.

 

ETXEZ ETXE PERTSONAK ZAINTZEA

 

Beste pertsonei laguntzeak beti deitu izan zion atentzio. Horregatik erabaki zuen Cuida’m sortzea, adinekoei edo menpekotasun egoeran dauden pertsonei etxez etxeko laguntzan espezializatutako Andorrako lehen enpresa. “Kalitatezko zerbitzu oso batean sinesten nuen, profesional eta konponbide onekin”, zehazten du.

 

Bederatzi urtez “ederki” funtzionatu zuen. Hogeita hamar profesionalen plantillarekin, “oso polita” den lan bat zen eta erabiltzaileek eskertzen zuten. Baina pandemia iritsi eta dena zapuztu zitzaion. 50 urterekin, Antonio enpresaren itxieragatik damutzen da: “Pena handia ematen dit hainbeste jende bertan behera utzi genuela pentsatzeak, egiten genuen lan hain onarekin. Gure negozio-modeloak jasotzen ari ez ginen diru-sarrera batzuk behar zituen, eta pauso bat atzera ematea erabaki nuen nahiz eta nire indar guztiak enpresan jarri. Nafar on bat izanda, enpresa harrotasun apur bat minduarekin itxi nuen”.

 

Orduan iritsi zen gelditzeko eta arnasa hartzeko unea. Iruñera itzuli eta UPNAko Nazioarteko Merkataritzaren Zuzendaritza Masterra ikasi zuen frantses, ingeles eta katalan ezagutzak sendotu bitartean. “Berreraikuntza pertsonalari” dedikatutako urtebeteren ostean, Andorrara itzuli eta pertsonei laguntzen jarraitu zuen, baina oraingoan haurrak hautatu zituen. Egun, Antonio teknologia irakaslea da printzerriko ikastetxe batean, eta 12 eta 15 urte bitarteko ikasleei igortzen dizkie bere ezagutzak. Izan ere, bere izpiritu gorritxoa ere irakatsi die. “Klasean sartu eta segituan hasten dira ‘Osasuna nunca se rinde!” abesten”.

 

Bere legatu nafarra doan edozein lekura eramaten du. Hain da nafarra, prestatzen duen plater izarretako bat ajoarrieroa dela. Eta Andorran duela hogei urte baino gehiagotik bizi bada ere, onartzen du bere herri maitearen mira daukala. “Batzuetan edozein ostegunetan pintxo bat jatera ateratzearen mira dudala”, amaitzen du xamurtasunez.

 

Elkarrizketa hau Nafarroako Gobernuaren NEXT estrategiaren parte da.