PRISA Media ko irratien zuzendaritza digitala burutzen duen iruindarra
21/02/2025
Buenos Aires, Kalifornia, New York… Ana Ormaechea iruindarra hainbat herrialdeetan bizi izan da. Txikia zenetik bazekien kazetaria izan nahi zuela, aitona eta osaba bezala. Horrela, ibilbide profesionala COPE Pamplona, Televisión Federal de Argentina, Diario de Noticias edo Antena 3 bezalako ikus‑entzunekoetan garatu zuen. Teknologiaren zale amorratua, bi enpresa ere sortu zituen: Tablet Army eta Cuonda. Duela bost urte, PRISA Taldeko irratien zuzendaritza digitalaz arduratzen da, Espainia, Kolonbia, Txile eta Mexikon kokatuak.
Urte asko igaro dira ordutik, baina gure protagonista ondo oroitzen da txikitan zeukan txokorik gogokoenaz: aitonaren bulegoa. Eremu hori enigma iruditu zitzaion beti. Ate hori zeharkatzeak unibertso berri batean sartzea zen, arakatzeko mundu berriez betea. Ana Ormaechea liburutegia ikustera geratzen zen, sabairaino iristen zena. Paper eta tinta usainak betetzen zuen airea. Moketa berdeak estaltzen zuen zorua eta, lekuko bakea aztoratu nahi ez balu bezala, Ana gainetik ibiltzen zen idazmakina zahar batera gerturatzeko. Beste garai bateko erlikia zirudien. Aitonaren kronika amaitezinek betetzen zuten gela. Agian hortxe bertan izango zen, historiaz betetako bulego horretan, berea idazten hasi zen lekua: "Beti nahi izan nuen kazetari izan, bera eta osaba bezala".
Ikastetxean, Historia eta Literatura ziren bere irakasgai gustukoenak. Kimika eta Zientzia Naturalak, ordea, erronka garrantzitsua ziren berarentzat. "Geologiari buruz ikasteak, adibidez, ez ninduen batere interesatzen. Gustukoen nuena idaztea zen", oroitzen da egun, 49 urte dituela. Egia esan irakurle amorratua zen. Hain da hala, hamarkaden ostean irribarrez oroitzen dela oheratzean ezkutuan irakurri ohi zuen modua. "Ohean sartzen nintzen esku‑argi batekin, baina amak harrapatu ohi ninduen".
Letrekiko bokazio hori berebizikoa izan zen azkenean Kazetaritza ikastea erabakitzeko, Nafarroako Unibertsitatean hain zuzen. Kirolzalea, laster izan zuen COPE Pamplonan praktikak egiteko aukera. Eta, nahiz eta lehen mailako ikaslea besterik ez zen, erronka onartu zuen. "Saskibaloi eta eskubaloiaren berri emateko aukera eman zidaten. Goizeko bostetan esnatu, prentsaurrekoren batera joan eta, eguerdian, kirolez arduratzen nintzen. Goizeko albistegiak egiten nituen. Poztasun osoz esnatzen nintzen goiz, asko gozatzen nuen eta", dio irribarrez.
ARGENTINARA BIDEAN
Udaran, Ana Frantziara joan ohi zen "hizkuntza fintzeko". Baina barnean benetako aztarna sakona utzi zion atzerriko lehen esperientzia formakuntza amaitu bezain laster izan zuen. Televisión Federal Argentina (Telefe) kanalarekin bekadun gisa fitxatu zuen, eta urtebete geratu zen: "Hegazkinera igo eta hain urrutira joatea harrigarria izan zen. Buenos Aires erraldoia zen. Lanera joateko autobusa hartzea bera ere odisea zen".
Gure protagonistak gustu hartu zion beste herrialdeak ezagutzeari. Horrela, Argentinako esperientzia amaitzean hilabete batzuk joan zen Blackpool‑era (Ingalaterra) ingelesa ikasteko. Ondoren, Iruñara itzultzeko unea izan zen eta urtebete egon zen Diario de Noticiasen lanean. "Kirola, bertakotasuna… Denetarik egin nuen eta ikaragarri ikasi nuen. Garai dibertigarria izan zen", aipatzen du.
Orduan bizitzak Antena 3en lan egiteko aukera eskaini zion, Madrilen. Anak beti izan zuen teknologiarekiko jakin‑mina, oraindik hasiberria zena garaian, eta kateko lehen webguneak garatzeaz arduratu zen. "Oroitzen naiz Ana Rosa Quintanarekin eseri eta 'webgune' bat zer zen azaldu izanaz. Interneteko hasiera zen, aro digitalaren hasiera. Oso polita izan zen", gogoratzen da pozik, hiriburuan bost urtez geratu zela zehaztu aurretik.
Beranduago, Muy interesante aldizkariko editore lanak egin zituen, non teknologia eta historiari buruzko testuei ekin zien. Garai horretan zehar, Apple-k lehen iPad-a kaleratu zuen: "Aldizkariko zuzendariaren atzetik joan nintzen iPad-eko aplikazio propioa sortzeko. Eta garatzea lortu nuen". Teknologiarekiko sentitzen zuen jakin‑min hori geroz eta gehiago hazi zen eta, markan bost urte igaro ostean, Standford-eko Unibertsitatera joateko beka lortu zuen. Helburua? Gizartearen eta teknologia berrien arteko harremana ikertzea.
BI ENPRESEN SORTZAILE
Kalifornian egon bitartean lortutako ezagutzekin, enpresa sortzera animatu zen. Tablet Army enpresa sortzen lagundu zuen, iPad‑entzako aplikazioen garapenean espezializatutako enpresa hain zuzen. Gainera, Prodigioso Volcán enpresa madrildarreko kide izan zen, eraldaketa digitaleko aditu.
Baina orduan beste beka bat eskaini zioten, oraingoan New Yorken. "Kazetaritza arloko ekimenari buruz aritu nintzen, eta horrek podcast plataforma bat sortzeko gakoak eman zizkidan, Cuonda izenekoa", aipatzen du, jarraian azpimarratuz "gaztelerazko lehen podcast‑sare independentea" izan zela.
Zehazki, startup‑a lau urtez egon zen martxan, dei oso interesgarria jaso zuen arte. PRISA Taldeak bere irrati guztietan aldaketa handia egin nahi zuen. Audioa hazten hasia zen eta haien zerbitzuen digitalizazioan fokuratu nahi zuten. Horrela, Anak Head of Digital Product lanpostua lortu zuen, ondoren Chief Digital Officer bihurtuz. "Duela bost urte, PRISA Taldeko irratien zuzendaritza digitalaz arduratzen naiz, Espainia, Kolonbia, Txile eta Mexikon kokatuak. Guztira, hogeita hamar marka dira lau herrialde ezberdinetan sakabanaturik. Munduko gaztelerazko audio‑ekoizle handiena gara", argitzen du.
Egia esan orain, denak bizi gara "audifikatuta". Kalean, metroan, lanera bidean… Aurikularrak egunerokotasunaren parte dira. "Entzuteko prestatuta gaude. Oso une polita da audioaren ekosistemarako", gehitzen du. Baina agian gure protagonistak erabilera gehiago ematen die entzungailuei beste pertsonek baino. Zergatik? Tira, bere hobby nagusiak hala eskatzen du: "DJ izan naiz urte askotan zehar. Lehen 50. hamarkadako musika frantsesa eta italiarra jarri ohi nuen, egungo indie eta rock-arekin nahasita. Cibeles pasarelan ere aritu nintzen Roberto Verinorentzat!", amaitzen du pozik.
Elkarrizketa hau Nafarroako Gobernuaren NEXT Estrategiaren parte da.