Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Zangozatik New Yorkera: Juan Gabriel Lakunzak jazzaren ametsa gauzatu du nazioarteko musikari handiekin

24/11/2026

2016az geroztik New Yorken bizi den nafar tronboi-jotzaileak Vision kaleratu berri du, hiriko jazz-eszenako musikari nabarmenekin grabatutako disko pertsonala. Ausardiaz, irmotasunez eta musikarekiko grinaz osatutako ibilbidea da berea, Nafarroarekiko lotura galdu gabe egin duena.

Zangozako haur batek jazza entzuten du etxean, tronboia hartu eta diskoetatik ateratzen diren doinuak jotzen saiatzen da. Urte batzuk geroago, haur hura nazioarteko musikari ospetsuekin aritzen da oholtza gainean, eta bere musika-proiektua grabatzen du New Yorken. Juan Gabriel «Juanga» Lakunza nafar tronboi-jotzaile, konpositore eta moldatzailearen istorioa da: urteetako ikaskuntzaren eta ahaleginaren ondoren, bere ibilbideko mugarri handienetako bat lortu du.

2026ko azaroaren 20an kaleratutako Vision diskoak zortzi pieza biltzen ditu. Jazz garaikidea, erritmo afrokubatarrak eta afrolatinoak, Europako musikaren ñabardurak eta jaioterriko paisaien oihartzunak uztartzen dira bertan. Lorpen hutsa baino gehiago, New York helmuga izan aurretik hasitako ibilbide luzearen emaitza da.

Zangozako paper-fabrikatik Europako musika-eskoletara

Musika txikitatik egon zen bere bizitzan. Horretan eragin handia izan zuen Javier aitak, folklorearekin eta dantzarekin lotutako taldeetan akordeoia jotzen baitzuen. Etxean askotariko musika entzuten zuten, musika klasikotik jazzera. Juangak Zangozako musika-eskolan eman zituen lehen urratsak, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten eta txaranga zein herriko musika-taldeetan ere jo zuen.

Hala ere, hasieran bestelako bidea hartu zuen lan-munduan: hainbat urtez Zangozako paper-fabrikan aritu zen. 2008an, 26 urte zituela, bizitza aldatuko zion erabakia hartu zuen. Lanpostu egonkorra utzi eta Donostiako Musikenen jazza ikastera joan zen. Ondoren, Rotterdameko Codarts ikastegian sakondu zuen prestakuntzan, jazz-interpretazioko master baten bidez.

Inprobisazioak, sormen-askatasunak eta kultura desberdinetako musikariengandik ikasteko aukerak gero eta sendoago egin zuten bere bokazioa. Baina oraindik bazuen bereziki erakartzen zuen helmuga bat: New York, munduko jazzaren erreferentziazko hirietako bat.

Hamar urte New Yorkeko jazz-eszenan bidea egiten

Lakunza 2016an iritsi zen New Yorkera, hango musika-giroa barrutik ezagutzeko asmoz. Hasiera ez zen erraza izan: lehen bi urteetan, aukera profesionalen bila zebilen bitartean, txakurrak paseatzen lan egin zuen. Aldi berean, kontzertuetara eta inprobisazio-saioetara joaten zen, beste musikari batzuk ezagutzen zituen eta hiriko klubetan bere lekua egiten hasi zen.

Irmotasun horrek fruituak eman zituen. Tronboiarekin zuen trebetasunari eta moldakortasunari esker, jazzaren, saltsaren eta musika latinoaren esparruetan aritu da, irakasle gisa ere lan egin du eta Wynton Marsalis, Paquito D’Rivera, Rubén Blades, Carlos Vives edo Gustavo Dudamel bezalako artistekin jo du, besteak beste. New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin lotutako proiektuetan ere parte hartu du.

Ibilbide horri Estatu Batuetako Grammy sarietarako bi izendapen gehitu behar zaizkio, Spanish Harlem Orchestra eta The Afro Latin Jazz Orchestra taldeekin egindako grabazioetan parte hartzeagatik. Aitortza horiek erakusten dute noraino iritsi den fabrikako lana utzi eta musikaren alde egitea erabaki zuen gazte hura.

Vision: izen handiak eta nafar sustraiak

Vision diskoa East Side Sound estudioetan grabatzeko, Lakunzak maila goreneko musikariak bildu ditu: Jeff «Tain» Watts bateria-jotzailea, David Kikoski piano-jotzailea, John Benitez baxu-jotzailea eta Coleman Rose saxofoi-jotzailea. Marc Urselli arduratu da soinu-ingeniaritzaz, eta Duff Harris, berriz, nahasketaz eta masterizazioaz.

Diskoko piezek bere bilakaera musikalaren hainbat une islatzen dituzte. Horien artean daude Urraúl Alto, Nafarroako haran horren lasaitasunean inspiratua, eta Lur Berria, euskal kutsuko melodiak biltzen dituena. Keinu horiek New Yorkeko jazzaren indarrarekin uztartzen dira, eta musikariak bere hizkuntza artistikoa sortu duela erakusten dute, jatorriarekiko loturari eutsiz.

Orain, bere lana Estatu Batuetako entzuleei aurkezten dien bitartean, Juangak konposizio horiek Nafarroara eta Euskal Herrira ekartzeko ilusioa ere badu. Izan ere, bere istorioak mugak gainditzen dituen talentuaz hitz egiten du, baina baita irauten duten loturez ere: tronboiak New Yorkera eraman badu ere, bere musikaren zati batek Zangozara begira jarraitzen du.