Pedro Jiménez de Gazólaz: Nafarroako erregeei aurre egin zien apezpikua
07/10/2026
Pedro Jiménez de Gazólaz XIII. mendeko Nafarroako apezpiku garrantzitsuena izan zen, baita errege-boterearen aurrean Elizaren agintea irmoen defendatu zuen pertsonetako bat ere. Iruñerrian jaioa, Gazolatzekin lotutako familia noble baten baitan, ibilbide luzea egin zuen Iruñeko katedralaren barruan, harik eta 1242an apezpiku izatera iritsi zen arte. Haren hautaketa-prozesua konplexua izan zen, eta katedraleko kabildoaren eta monarkiaren arteko tirabirek markatu zuten.
Agintaldiaren hasieratik izaera sendoa eta Elizaren autonomia babesteko erabakitasun argia erakutsi zituen. Teobaldo I.a erregearekin izandako gatazka izan zen haren liskarrik ezagunena. Apezpikuak Elizaren gaietan esku hartzea eta elizbarrutiaren ondasun eta eskubideez jabetzea leporatu zion erregeari. Urte luzez iraun zuen gatazkak Aita Santuaren esku-hartzea ekarri zuen, baita zentsura eklesiastikoak ezartzea eta monarka eskumikatzea ere; horrek agerian utzi zuen bi botereen arteko liskarraren gogortasuna.
Jarrera irmo hori, ordea, ez zen gertakari isolatu bat izan, haren ibilbide osoaren ezaugarri nagusietako bat baizik. Pedro Jiménezek aktiboki parte hartu zuen elizbarrutiaren administrazioan, justizia eklesiastikoa indartu zuen eta zorrotz defendatu zituen apezpikutzaren diru-sarrerak. Iruñeko katedraleko kabildoan erreformak ere sustatu zituen, gehiegikeriak zuzentzeko eta barne-diziplina hobetzeko asmoz; neurri horiek, ordea, ez zituzten beti begi onez hartu kalonjeek.
Beste erlijio-erakunde batzuekin izan zuen harremana ere konplexua izan zen. Zenbait monasteriorekin gatazkak izan zituen jurisdikzio- eta errenta-auziengatik, eta jarrera anbibalentea izan zuen eskeko ordenekiko: hasieran frantziskotarren aurka agertu bazen ere, bere babespeko emakumeen komunitateak sendotzea sustatu zuen. Kasu guztietan, haren irizpidea argia izan zen: ez zuen onartuko bere apezpiku-agintea ahuldu zezakeen inolako jarduerarik.
Zorroztasuna gorabehera, negoziatzeko gaitasuna ere erakutsi zuen. Teobaldo II.aren erregealdian, Koroaren eta Elizaren arteko oreka berrezartzea helburu zuen akordio bat sustatu zuen, nahiz eta azkenean baliogabetu egin zuten. Gertakari horrek haren izaera konplexuagoa erakusten du: apezpiku borrokalaria izan zen, baina, egoki irizten zionean, konponbide egonkorrak bilatzeko gai ere bazen.
Pedro Jiménez de Gazólaz 1266an hil zen, bi hamarkada baino gehiago elizbarrutiaren buru eman ondoren. Apezpiku-egoitza sendotua utzi zuen ondare, nahiz eta horretarako gatazka ugariri aurre egin behar izan zion. Haren figurak ezin hobeto irudikatzen ditu Elizaren botereak Erdi Aroko Nafarroan izan zuen eginkizuna eta aginte espiritualaren eta botere politikoaren arteko etengabeko tentsioa.