Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Kanpoan diren Nafarroako Komunitateen Kontseiluaren II. edizioa egin da

10/02/2026

Astearte honetan, otsailak 10, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo buru izanik, Nafar Komunitateen Kontseiluak proposatu ditu Txileko Nafar Kolektibitatea eta Antioquiako (Kolonbia) Casa Vasco Navarra Fundazioa Nafarroako komunitate berri gisa. Bi erakunde berri horiek aitortzeko, Nafarroako Komunitateen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen eta erkidego horien aintzatespen eta erregistro ofizialerako prozedura ezartzen duen urriaren 16ko 90/2024 Foru Dekretuan xedatutakoa bete da.

2025-2028 aldirako Nafarroako Kanpo Ekintzarako II. Planean jasotzen den bezala, "Nafarroa globala" ardatzak atzerrian dauden nafar herritarrekiko arreta eta harremana hobetu nahi ditu, eta gure lurraldearen irudi erakargarria, anitza eta garaikidea ezarri nahi du, diasporarekiko harremanei dagokienez ere, bai itzuli nahi dutenekin – prozesu horretan Gobernuak errazte-lana egiten du-, bai atzerrian jarraitzea erabakitzen dutenekin, departamentuak bere komunitatearen errealitatean ahalik eta informazio eta parte-hartze handiena eskaintzen dielako, Nafarroako herritar gisa eskubide berberak izan behar dituztela ulertuta.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzarako II. Planak hainbat lan-ildo biltzen ditu, hala nola nafar eta nafar-euskal etxeei eta zentroei laguntza instituzionala eta ekonomikoa ematea beste autonomia-erkidego batzuetan eta kanpoan, lankidetza-ekintzak sustatzeko. Horri dagokionez, gogoan izan behar da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan indartua izan dela, bai Nafarroako kanpoko komunitateentzako eta eskualde ezberdinetako etxeentzako laguntzen aurrekontu-sailetan, zentro horien jarduera-gastuak, lokalen mantentze-lanak eta funtzionamendua edo inbertsioak finantzatzeko. Hala, aurtengo laguntzak 157.000 €-koak dira, eta otsailaren 27an amaituko da eskabidea egiteko epea, dagokion deialdia argitaratu zenean jakinarazi zen bezala.

Informazio guztia hemen.