Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Benjamín Tuterakoa: Marco Polo baino lehen mundua zeharkatu zuen nafar esploratzailea

25/11/2025

XII. mendearen erdialdean Tuteran jaioa, Benjamín ben Jonás –Benjamín Tuterakoa izenez ezagunagoa– Erdi Aroko pertsonaia berezienetako bat izan zen. Judu familia kultu batekoa zen, eta hainbat hizkuntza menderatzen zituen, hala nola hebreera, arabiera, latina eta greziera; horri esker, bere garaiko eszenatoki askotarikoetan trebetasunez mugitu ahal izan zen.

Bere bidaia handia 1159 inguruan hasi zen, Sancho VI Jakintsuaren erregealdian, eta hamar urte baino gehiago luzatu zen. 1167 eta 1173 artean, Europako, Mediterraneo ekialdeko, Asiako eta Ipar Afrikako bi ehun hiritik gertu bisitatu zituen. Marco Polo baino ia mende bat lehenago ibili zen esploratzailea izan zen.

Benjamín Tuterakoaren ezaugarririk bereizgarriena ez da soilik egindako ibilbidearen zabalera, baizik eta ikusten zuena behatu eta idazteko izan zuen gaitasuna. Bere begirada bereziki geratu zen mundu ezagunean sakabanatuta zeuden judu komunitateetan: haien kopurua, ohiturak eta egoera politiko eta ekonomikoa deskribatu zituen. Baina, horrez gain, merkataritzari, lanbideei, hiri-bizitzari eta Erdi Aroko hirien antolaketari buruzko lekukotza baliotsuak utzi zituen.

Bere lana, Bidaietako Liburua edo Sefer Massa’ot izenez ezaguna, Erdi Aroko lehen bidaia-kontakizun handietako bat da. Pasarte batzuetan entzunda jasotako datuak edo gehiegikeria batzuk egon arren, oro har, XII. mendeko diasporaren eta Mediterraneo munduaren ulermenerako lehen mailako iturri historikoa da.

1173 inguruan Nafarrora itzuli ondoren, bere figura jakin-minaren eta ikuspegi globalaren aitzindari gisa geratu zen markatuta. Itzuleraz geroztik bere bizitzaz gutxi dakigu, baina bere ondarea betiko geratu da bidaia-harriduraren eta kronista-zorroztasunaren arteko konbinazioa egiten duten horietan idatzita.

Benjamín Tuterakoak esplorazioaren eta irekitasunaren espiritua islatzen du bereziki: Ebroren ertzeko bere jaioterritik mundu osoa idatziz jasotzeko ausartu zen nafarraren irudia.