Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Holafly rekin datu mugagabeak munduko edozein telefonora iristarazten dituen iruindarra

30/10/2024

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Internazionaleko karrera amaitu eta zortzi urte geroago, 30 urteko Xabier Mariñelarena iruindarra UPNAko kanpusean paseoa ematen du berriro. New Dehliko Espainiako enbaxadako Bulego komertzialean, Sagardi Group‑en, Leadtech Group‑en, Product Hackers‑en eta Holafly‑ko 'head of Growth' gisa lan egin ostean egiten du, azken hori eSIM teknologiaren bitartez datu mugagabeko Internet planen eskaintzan espezializatutako enpresa izanik.

Haurra nintzela Azpilagaña auzo iruindarreko parke batean jolastu ohi nuen. Ziztu bizian, patinete baten gainean, arrapaletan behera irristatzen zen lagunak baino azkarragoa izateko asmoarekin. Hamarkadak geroago, Xabier Mariñelarenak ezin du irribarre egitea saihetsi parke horretan paseatzeko aukera daukan bakoitzean, bertan oroitzapen ikaragarriak dauzka eta. Antzeko zerbait gertatzen zaio Nafarroako Unibertsitate Publikotik (UPNA) igarotzen den bakoitzean, eta bertan paseo atsegin bat ematera gonbidatu gaitu gaur bere oroitzapenak kontatu bitartean. "Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Internazionaleko karrera duela zortzi urte amaitu nuen, baina denak berdin jarraitzen du, baita kafetegiko barraren atzeko emakumea ere. Nire oroitzapen onenetarikoak kanpus honetan kokatzen dira", onartzen du irakasle bat agurtu bitartean.

Unibertsitatean sartu aurretik, aitarekin mota guztietako ekitaldi enpresarialetara joan ohi zen, beraz mundu horrenganako "interes ikaragarria" garatu zuen. "Komunikazioari, ekitaldi publikoetan jokatu behar den moduari eta harremanen kudeaketari buruz irakatsi zidan", oroitzen da. Ez zitzaion askoz gehiago falta izan alor horretan formakuntza jasotzea erabakitzeko: "Nire buruak 'klik' egin zuen Ekonomia irakasle batek enpresen sektorea zertan datzan azaldu zigunean. Berehala argi izan nuen bide hori jarraitu nahi nuela".

Bere unibertsitateko garaia deskribatzean "ikusgarria eta kutuna" izan zela dio, eta bereziki kontabilitate eta nazioartekotze irakasgaiak azpimarratzen ditu. "Nahiko frikia nintzen", onartzen du barre artean, Erasmusa Dublinen egin zuela aipatuz. Kontua da Irlanda bisitatu ostean begiak ireki zituela. Munduko leku gehiago arakatu nahi zituen.

INDIAN "BERRIRO JAIOTZEA"

Formakuntza amaitu ostean, ICEX beketan jarri zuen begirada, izan ere atzerrira bidaiatzeko eta enpresen nazioarteko kudeaketan esperientzia lortzeko aukera eskaintzen zuten. Xabierrek txoko bat nahi zuen hor. Borrokatzea besterik ez zen. "Espainiako 6.000 pertsona aurkeztu ginen eta 300 besterik ez zituzten onartuko. Gose jokoak zirudien", dio txantxetan, hautatuetako bat izan zela baieztatu aurretik.

 

"Kalifikazioen arabera helmuga bat ala beste aukera zenezakeen. Nik inpaktu erradikala nahi nuen nire bizitza, ikusitako eta bizitakotik ezberdina zen zerbait. Beraz Indiara joan nintzen", kontatzen du, bidaia horrek bere "bizitza aldatu" zion moduaz harrituta oraindik. Begiek dirdira egiten diote atzera begiratu eta New Dehliko egonaldia gogora ekartzean: "Berriro jaiotzea bezala izan zen".

 

Hanuman‑i, tximino jainkoari, eskainitako tenplu ikaragarri bat zegoen gure protagonistaren etxe ondoan. Egunero, lanera bidean, tximinoek handik eta hortik turisten janaria lapurtzen, argazkietarako kokatzen eta noizbehinka autoritatea erakusteko letaginak erakusten zituzten modua aztertzen zuen. "Errespetatu beharra zegoen. Kafe batekin oinez pasa eta lotsagabe halakoek lapurtu egiten zizuten. Barregarria zen hain sinesgaitza zirudielako", gehitzen du, jarraian aipatuz bere bulegoan tximinoak "uxatzeko" lana zeukan pertsona zegoela, "tximinolari" deitzen zutena.

 

New Delhiko arazorik handienetako bat kutsadura handia da. Izan ere, Xabierrek hirira iritsi bezain laster nabaritu zuen, hegazkina lurreratu bitartean leihotik begira zegoela. Eguzkia zeruan dirdiratsu altxatzen ari zen, baina ke griseko hodeia zegoen hor flotatzen. "Kaletik musukoa jantzita eraman behar zen. Neska bat ezagutu nuen bertan egon bitartean jantzi ez zuena, eta medikuak esan zion erre gabe erretzaile baten birikak zeuzkala", adierazten du harrituta. Horrela, gure protagonistak musuko negozio bat sortzea pentsatu zuen, kutsaduraren arazoa aukera bihurtuz. "Azkenean ez nuen aurrera egin eta handik gutxira Covid‑19 agertu zen, beharrezko musukoen gai guzti horrekin. Apur bat damutu nintzen ideia ona zelako", eransten du 30 urte dituela.

 

MUNDU TEKNOLOGIKOAREKIKO"JAKIN‑MINA"

Zehazki, Xabierrek New Dehliko Espainiako enbaxadako Bulego komertzialean analista gisa egiten zuen lan, non merkatu‑azterketak egiten zituen hainbat enpresa espainiar eraldaketa digitalari esker nazioarteko mailan zabaltzeko. Baina Indian urtebete igaro ostean, patuak Bartzelonara eraman zuen, non International Business analyst lana egiteko fitxatu zuen Sagardi Group enpresak, ostalaritzan espezializatua. "Nire nagusi Héctorren ordezkoa nintzen, eta asko ikasi nuen berarekin. Oporton jatetxe bat ireki genuen, eta beste bat Amsterdamen", azpimarratzen du pozik.

 

Enpresan urtebete pasa ondoren "mundu digitalarekiko jakin‑mina areagotzen" hasi zitzaion. Orduan, Leadtech Groupen lan egiteko aukera agertu zitzaion, aplikazio eta webguneen garapenean zentratutako enpresan hain zuzen. Nahiz eta "oroitzapen eta pertsona ikaragarriak" eraman, bi urteren ostean "airez aldatu" nahi izan zuen. Beraz Product Hackersera joan zen, eta bertan bi urte eman zituen Growth Product manager edo Growth strategist bezalako karguekin.

Bere kargu zeuzkan bezeroen artean, batek atentzioa deitu zion bereziki: Holafly haien eSIM teknologiaren bitartez datu mugagabeko Internet planen kontratazioan espezializatzen den enpresa da. "Indian egon nintzenean ezinezkoa zen Internet lortzea. Holaflyrekin, hegazkina lurreratu bezain laster datu mugagabeak izan ditzakezu edonon, munduko edozein lekutan", egiaztatzen du. Head of Growth gisa, duela lau hilabete enpresaren ecommerce‑a hazten jarraitzea bermatzen du.

 

Madril, Dublin, Bangkok, Bogotá eta Medellínen egoitzak dauzkan enpresak etxetik lan egiteko aukera eskaintzen die langileei. Horregatik itzuli zen Xabier bere Nafarroa maitera. "Familiatik gertu egoteko eta kirola kalean egitearen mira neukalako itzuli nintzen", dio hasperen eginez, begirada ortzi‑mugan galduta, korrika egiteko leku gustukoenetakoa duen Ezkaba mendiaren norabiderantz. "Nahi nuen lekutik lan egin nahi nuen, baina beti izan dut Iruña oinarri gisa. Nire lurraren mira ikaragarria neukan", amaitzen du.

 

Elkarrizketa hau Nafarroako Gobernuaren NEXT estrategiaren parte da.