Ainara Mosén lizarratarrak harreman profesionalak indartzen ditu Patenteen Europako Bulegoan
23/07/2024
Peníscolako udarak eta Lizarran emandako paseoek aztarna sakona utzi zioten barnean. Gauza bera gertatu zitzaion pianoarekin, txikia zenetik jotzen ikasi zuen instrumentua hain zuzen. Ordutik, Ainara Mosének erronka bat zeukan: “besteei laguntzea”. Horrela, abokatu langela batean eta Bosch and Siemens Home Appliances Group (BSH) enpresan egin zuen lan, duela sei urte Municheko Patenteen Europako Bulegora iritsi zen arte, non Ombuds Office Departamentuko “coach” lanak egiten dituen.
Lizarran bere originaltasunagatik nabarmentzen den leku bat dago, eta agian baita ere daukan aura bereziagatik ere. Sastraka artean erdi ezkutaturik, garezurren hainbat eskultura erraldoi gordetzen ditu, eta gure protagonistak familiarekin batera eman ohi zituen paseoak bertan. Egia esan, askok ez dakite Luis García artistaren lan bat dela eta “Parque de los Desvelados” (edo Iratzarrien parkea) izenez ezagutzen dela. Baina Ainara Mosének bazekien guzti hori. Bertan gozatzen zuen naturaz eta “haztean zer izan nahi zuen” pentsatzen aritzen zen. Irakaslea? Abokatua? Piano jolea? Lanbide batetik bestera saltoka aritzen zen bere buruan, baina gauza bat argi izan zuen beti: “Besteei zoriontsu izaten lagundu nahi nien”.
Peníscolako hondartzan, non udara guztiak xarma berezi batekin igarotzen ziren, anaia txikiarekin hondarrezko gazteluak eraikitzera jolasten zen. “Bigarren ama nintzela zirudien”, gehitzen du barre artean. Bertan, zehazki, “osorik eta zoriontsu” sentitzen zen.
Haurra zenetik, musikak bidea erakutsi zion. “Uneoro abesten nuen”, gogoratzen du samurtasunez. Laster, pianoa aliatu handi bihurtu zitzaion. Eskuak giltzen gainean jarri eta, partituren artean, melodietan murgiltzen zen instrumentu hori jotzen ikastea bere altxorrik handiena zela jakinda.
Bidea hautatzeko unea iritsi zenean, ibilbide musikalarekin jarraitu edo pertsonei laguntzeko ideal hori jarraitzearen artean duda izan zuen. “Mundua eta jendea aldatu nahi baditut, Zuzenbidean formakuntza jaso dezaket”, pentsatu zuen. Baina enpresa-arloak ere atentzioa deitu zion. Azkenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) bi karrera ikastea hautatu zuen: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea. Unibertsitateko etapan zehar, Ainarak ekintza ugari esploratu zituen. Masaje ikastaroak, txinera eskolak, sabel dantza… “Kartelak ikusi eta pentsatzen nuen ‘ai, honetaz ez dakit ezer eta oso interesgarria da. Joan egingo naiz!’”, adierazten du barre artean.
ALEMANIA, BERE HELMUGA
Ikaskuntzak amaitzean atzerrian praktikak egiteko aukera eskaini zitzaion, Alemaniako Merkataritza Ganbera Espainiarrean. Nahiz eta aukera ikaragarria izan, Ainarak uko egin zion eskaintzari. “Aurretik Alemanian egona nintzen au pair lanak egiten eta herrialdeak liluratu ninduen. Izan ere, itzultzea zin egin nuen, baina une aproposa ez zela sentitu nuen. Askok ezetz esateagatik zoratu egin nintzela esan zidaten!”, oroitzen da. Horren ordez Nafarroan geratu zen eta ostean Bilboko abokatu langela batean, non besteen zoriona lortzearen irrika utopiko hura betetzea uste baino zailagoa izango zela ohartu zen. “Ulertu nuen abokatutza eta justizia ez zirela gauza bera”, dio hasperen eginez.
Orduan MBA bat egitea erabaki zuen, eta aurrerago gatazka bitartekari eta coach lanak egiteko ikastea. Alor horietan formakuntza jaso bitartean, Bosch and Siemens Home Appliances Group (BSH) enpresako atentzioa deitu zion postu batekin topatu zen- “Administrazio arloan, enpresen zuzendaritzan eta zuzenbidean ezagutzak zeuzkan pertsona baten bila zebiltzan Zaragozako Informatika departamenturako. Ondoren, Municheko egoitza nagusira joateko aukera zegoen. Berehala aurkeztu nuen nire hautagaitza, eta trainee customer posturako hautatu ninduten”, aipatzen du, ondoren gehituz denborak aurrera egin ahala, Proiektuen Zuzendaritza Bulegoko koordinatzaile, Change manager eta Project manager izan zela, langile berriei formakuntza eskainiz eta hasten lagunduz.
“Bizitzak aukera bat, bi, hiru... Milaka aukera ematen ditu. Uste dut hemen zegoela nire patua, Alemanian”, azpimarratzen du irribarre eginez, Merkataritza-Ganberako praktika horiei uko egindako aldi hartaz gogoratu bitartean. Horrela, orain senarra den Iñakirekin batera, maletak egin eta lurralde germaniarretara joan zen. Bertan egon ziren ia hiru urtez, eta azkenean Zaragozara itzultzea erabaki zuten. Etxea erosi, ezkondu, eta bizitzak behin betiko ibilbidea erakutsi ziela zirudienean, Munich mapan agertu zen berriro.
PERTSONAK “DESBLOKEATZEA”
Ainarak Patenteen Europako Bulegoari buruz entzun zuen, eta “jakin min hutsez”, lan eskaintzen web orrira sartu zen. Batek atentzioa deitu zion: “Zuzenbidea, prozesuen kudeaketa, coaching, estatistikak… Probatu egin nuen. Eta hemen nago”, egiaztatzen du, Munichen sei urtez erakundearentzat langileen coach lanak egiten dabilela gehituz.
Gatazken konponketan jarduten naiz. Coachingaren bitartez, pertsonei haien egoerarekiko kontzientzia izaten laguntzen diet, hausnartzera animatzen ditut, alternatibak bilatzen lagundu, laneko estresa murrizten… Azken finean, desblokeatzen”, adierazten du. Orain, gainera, proiektu pertsonal “liluragarri” batean murgilduta dabil: “Egunerokotasuneko nekearekin amaitu eta energia eta bizitasuna berreskuratzeko ohitura osasungarriak inplementatu nahi dituzten pertsonentzako programa bat kaleratu nahi dut”.
37 urterekin, haurtzaroko ideal hori bete duela sentitzen du. “Besteei beteta sentitzen laguntzen diet”, adierazten du pozik. Lizarrako kaleetan zehar familiarekin pasatako bermut goiz horien mira badu ere, onartzen du Munichek “xarma berezia” daukala, agian bibak fenomenoarengatik, azkar eta ilusioz gozatzen hasi zena: “Lo zaku bat hartu, bizikleta gainean jarri eta edonon lo egitean datza, izarrei begira. Hemen bizikletan goaz edonora!”.