2026ko Itzulerarako Laguntzak
29/01/2026
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak 25.000 euroko itzulerarako laguntzen deialdia onartu du, nafar etorkinen eta haien senideen itzulera bultzatzeko. Eskaerak otsailaren 30etik urriaren 31ra bitartean egin daitezke.
Hurrengo baldintzak, besteak beste, betetzen dituzten pertsonak (direla norbanakoak, direla familia unitateko gainerako kideekin batera heldu direnak) izan daitezke laguntzen onuradun:
–Nafarroan jaioa izatea edo Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroan izatea edo, Estatuko legeei jarraikiz, espainiar gisa erregistratutako nafarren ondorengoen seme-alaba izatea.
–Atzerritik Nafarroako edozein udalerritara itzuli izana edo itzultzeko asmoa izatea, denbora-muga honen barruan:
• 2025ko azaroaren 1tik 2026ko urriaren 31ra.
–Itzuli ziren egunetik kontatzen hasita, atzerrian legez gutxienez urtebetez bizi izana, jada Nafarroara itzulita daudenen kasuan, edo itzuli nahi duten pertsonen kasuan atzerrian bizitzen gutxienez urtebete eramatea laguntzaren eskaera egin zen egunetik kontatzen hasita.
- Deialdian ezarritako errenta-mugen barruan egotea.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatzaile bakoitzeko, 2.000 euro izanen da. Hortik aurrera, eskatzailearen kargura bizi den eta familia-unitateko kidea den pertsona bakoitzeko (adinez nagusia), 500 euro gehituko dira, 3.500 euroko mugarekin.
Laguntza %20 igoko da, baldin eta onuraduna despopulazio-arriskuan (1. edo 2. mailan) dagoen udalerri nafar batera itzuli bada edo itzuliko bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako erreferentzia-arau berrienaren arabera.
Ezarritako diru-sarreren muga gainditu arren laguntza jasoko dute emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren eskatzaileek, baldin eta behar bezala frogatzen badute.
Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira eskatzailearen bidaia-kostuari dagozkionak, eta, hala badagokio, Nafarroara itzuliko diren edo itzuli diren familia-unitateko kideen bidaia-kostuari dagozkionak, eta Nafarroara altzariak eta tresnak eta lagun egiteko animaliak ekartzeari dagozkionak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta bidaiarien garraio-konpainien arauetan ezarritakoaren arabera.
Informazio gehiago: next@navarra.es
Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka