Eduki publikatzailea

Itzulerarako laguntzen deialdia 2022

Gobernuak laguntzak emanen ditu Nafarroako emigratzaileen eta haien familien itzulera errazteko

24/01/2022

Foru Gobernuak 20.000 euroko laguntza deialdia onetsi du, Nafarroako emigranteen eta haien senideen itzulera errazteko. Nafarroako Kanpoko Herritarrentzako NEXT Estrategiaren 2. ardatzean aurreikusitako ekintzetako bat da.

Hurrengo baldintzak, besteak beste,  betetzen dituzten pertsonak (direla norbanakoak, direla familia unitateko gainerako kideekin batera heldu direnak) izan daitezke laguntzen onuradun:

–Nafarroan jaioa izatea edo Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroan izatea edo, Estatuko legeei jarraikiz, espainiar gisa erregistratutako nafarren ondorengoen seme-alaba edo biloba izatea.

–Atzerritik Nafarroako edozein udalerritara itzuli izana edo itzultzeko asmoa izatea, denbora-muga honen barruan:

• 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 16ra bitarte.

–Itzuli ziren egunetik kontatzen hasita, atzerrian legez gutxienez urtebetez bizi izana, jada Nafarroara itzulita daudenen kasuan, edo itzuli nahi duten pertsonen kasuan atzerrian bizitzen gutxienez urtebete eramatea laguntzaren eskaera egin zen egunetik kontatzen hasita.

- Deialdian ezarritako errenta-mugen barruan egotea.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatzaile bakoitzeko, 2.000 euro izanen da. Hortik aurrera, eskatzailearen kargura bizi den eta familia-unitateko kidea den pertsona bakoitzeko (adinez nagusia), 500 euro gehituko dira, 3.500 euroko mugarekin.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira eskatzailearen bidaia-gastuak, eta, hala badagokio, harekin batera itzuli diren edo itzuliko diren familia-unitateko kideenak ere. Halaber, haien altzariak eta tresnak Nafarroara ekartzea ere diruz lagungarria izanen da.

Eskaerak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 25etik 2022ko urriaren 21era bitartekoa da (egun hori barne). Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri dagoen eskabide-ereduaren arabera. Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere izapidetu daiteke.