Eduki publikatzailea

Diego Fandos San Vicente Elkarrizketa

“Denboran atzera egingo banu, egun bikoitietan uste dut Nafarroan geratuko nintzatekeela; bakoitietan, berriz, joan egingo nintzatekeela”

22/04/2022

Diego Fandos San Vicentek gidoi irakasle gisa lan egiten du Pragako Zinema Eskolan. Lerinen jaio zen eta Txekiar Errepublikan bizi da 2005etik. Hainbat dokumental eta film luze egin eta hainbat liburu ere argitaratu ditu; horien artean, gidoilaritzari buruzko eskuliburu bat nabarmentzen da, nazioarteko erreferentzia bihurtu dena. Hizkuntzak zailtasunak planteatzen jarraitzen dizkion arren, Diegok Pragan bizitzen jarraitzen du, “New Yorken antza duelako, baina erabilgarriagoa; eta ingurunea, hiria eta herrialdea oso ederrak dira”, azaltzen duenez. Hala ere, bere jaioterrian familiarekin edo lagunekin esperientziak bizitzea faltan botatzen duela ere aitortu du. Azken urteotan itzultzea pentsatu du, eta benetan gustatuko litzaiokeena da semeak Nafarroarekin loturak ez galtzea, “eta, agian, egunen batean, han ikasi nahi izatea”.

Zerk eraman zintuen Pragara eta nolakoa izan da zure ibilbidea gaur arte?

Pragara etorri nintzen zinema ikastera FAMUn (Pragako zinema eta telebista eskola) eta han hiru urte eman nituen. Espainiara itzuli nintzen eta bertan hainbat film labur, publizitatea, dokumental pare bat eta "Cosmos" film luzea filmatu nituen, azken hau 2007an Donostiako Zinemaldian lehiatu zena. Hurrengo urtean, Txekiara itzuli nintzen Prague Film Schoolen lan egitera. Harrezkero, hiru film labur filmatu ditut. Azken biek nazioarteko 60 jaialdi baino gehiagotan parte hartu dute eta hainbat sari irabazi dituzte.

Urte horietan, Nipkow programaren beka bat jaso nuen Berlinen proiektu bat garatzeko; Gerra Zibileko pasarte bati buruzko gidoi batean lan egin nuen Madrilgo ekoiztetxe batentzat; eta hainbat zinema-lehiaketatan epaimahaikide izan naiz. Orain, film luze berri bat eta film labur pare bat aurrera ateratzen saiatzen naiz, baina ez da erraza.

Zertan datza zure lana Pragako Zinema Eskolan?

Gidoi klaseak ematen ditut, guztira lau irakasgai. Mundu osoko ikasleak ditugu, batez ere Europa, Estatu Batuak eta Indiakoak, pandemiak eragin digun arren. Gure ikasleetako batzuk Cannesen edo Venezian aukeratu dituzte edo Netflixen dituzte beren filmak. Eskolara, Mariano Barroso (Espainiako Akademiako presidentea) edo Alejandro Hernández (“Mientras dure la guerra”) bezalako pertsonak joaten dira irakasle gonbidatu gisa.

Idazle bezala duzun talentua ere garatu duzu. Hitz egin iezaguzu zure liburu argitaratuez, zergatik gustatzen zaizun idaztea, zure lanarekiko loturak, etab.

Beti gustatu izan zait idaztea. Nolabaiteko interesa izan zezaketen ipuin-bilduma bat bildu nuen, ia guztiak sarituak. Eunate argitaletxera bidali nituen, gustatu zitzaien eta 2015ean argitaratu zuten (Amores limón). Irakurleengandik etorri zitzaizkidan erreakzioengatik, badirudi nahiko gustukoa izan zela. Duela pare bat urte liburu berri bat atera nuen eta inpresioak hotzagoak izan dira...

2019an, film laburretarako gidoien idazkerari buruzko eskuliburu bat kaleratu nuen Amazonen -ingelesez eta espainolez-, eta oso ondo funtzionatzen ari da; irakurleen aipamenak bikainak dira. Gainera, erreferentziazko eskuliburu gisa aukeratu dute Savannah College of Art and Design-en (Estatu Batuetako zinema eskola onenetako bat, The Hollywood Reporter aldizkariaren arabera). Jakina, Writing for Short Film-ek askoz gehiago saltzen du ingelesez gaztelaniaz baino. Eta gehiago Mexikon Espainian baino.

Idazketaren eta nire lanaren arteko loturak zuzenak dira. Ikusle gehiagorengana iristeko trikimailu batzuk helarazi nahi dizkiet nire ikasleei, baina argi dago ezinbesteko baldintza bakoitzak sentitu behar duen sua dela, istorio bat kontatzeko beharra. Baina su horrek -norabide egokirik gabe- baliteke nahi adina jenderengana ez iristea. It’s about truth & tricks.

Nolakoa da Pragan bizitzea zu bezalako nafar batentzat?

Norbaitek esan zuen Praga New York bezalakoa dela, baina erabilgarriagoa (eta merkeagoa), eta zentzu batean horrela da. Mundu osoko jendea dago, energia oso positiboa sortzen da. Eta ingurunea, hiria, herrialdea, ederrak dira. Oso atsegina da goizean ibai ondotik Karlosen zubira eta Gaztelura begira doan tranbian lanera joatea. Eragozpen nagusia hizkuntza da, oso zaila baita. Lardaskatzen dut, baina modu mugatuan. Zorionez, ingeles asko hitz egiten da.

Hainbeste urteren ondoren jatorrizko lurraren falta sumatzen al da oraindik?

​​​​​​​Faltan botatzen da familiarekin eta lagunekin zenbait esperientzia partekatu ez izana, hemen egoteagatik galdu ditudalako. Saiatzen naiz Nafarroarekin konektatuta jarraitzen, eta urtean hainbat aldiz bidaiatzen dut, baina ez da gauza bera bisitan egotea eta han bizitzea.

Hiri berri batean finkatu izanaren okerrena da hemen ez dugula familiarik (nire emaztea poloniarra da), ez lehengusurik, ez osaba-izebarik... nire semeagatik esaten dut bereziki, senideak bisitatzen dituen bakoitzean gutxienez 500 km egin behar izaten baititu, edo 2.000, Nafarroaren kasuan. Baina egun batean komentatu nion pena bat dela familia urrun egotea, eta bere erantzunak harritu egin ninduen (6 urte ditu): zortea zela esan zidan, horrela bisita bakoitza jai bat bezala ospatzen zuelako. Eguneroko zerbait ez denez, gehiago gozatzen du.

Ikus-entzunezkoen munduak une bikaina bizi du orain Espainian. Orain Pragara joan zen gaztea bazina, berriro hartuko zenuke erabaki hori edo geratuko zinateke?

Galdera ona eta konplexua. Galdera honek egunen batean filmatzea espero dudan film luzearen gidoia sortu du. Egun bikoitietan uste dut Espainian geratuko nintzatekeela. Bakoitietan, joan egingo nintzatekeen.

Eta, gaur egun, Nafarroara itzultzea pentsatzen duzu?

Duela hiru bat urte pentsatu genuen, baina ez oso serio. Gai izango al ginateke Pragan dauzkagun bezalako lanak aurkitzeko? Gero COVID-a etorri zen. Eta orain Ukrainako gerra, hemen asko sentitzen dena, arrazoi geografiko eta historikoengatik. Nafarroara itzuliko bagina, egun bikoitietan pentsatuko nuke ondo egin ote nuen itzultzea.

Zure semeak bihar Nafarroan ikastea edo bizitzea gustatuko litzaizuke?

Zalantzan nago: behar bada, nahiko nuke gutxienez urtebete ikastea, lurra ondo ezagutzeko. Eta gero berak, haztean, erabaki dezala leku batean ala bestean kokatu nahi duen. Espero dut, nolabait, bere jatorri ezberdinak uztartu ahal izatea. Erdi txekiarra da, erdi espainiarra, erdi poloniarra. Ondo hitz egiten ditu hiru hizkuntzak eta espero dut herrialde bakoitzeko onenarekin geratzea, asko baita, eta gurea, gainera, piperrekin eta ardo onarekin.