Eduki publikatzailea

Araitz Claramunt Oregi Euskara irakaslea Finlandiako Unibertsitatean

Araitz Claramunt Oregi Euskara irakaslea Finlandiako Unibertsitatean

21/07/2022

Araitz Claramunt Oregi Finlandiako euskara irakaslea da 2019tik. Talka kultural eta soziala egon arren, herrialde nordikoa eta Nafarroako gizartea alderatzen baditu, bere harrera-herriaren zintzotasuna, errespetuari ematen dioten balioa edo lan-aukerak miresten ditu. Ez du baztertzen Nafarroara itzultzea, baina oraingoz ere ez du planteatzen, eta bere lanean gehien gustatzen zaion gauzetako bat ikasleek euskara eta bertako kultura ezagutzeko egiten duten ahalegina da.

Nolakoa izan zen zure ibilbidea Finlandiara iritsi arte?

Nire ibilbide profesionala ez da oso luzea. 2019an etorri nintzen Finlandiara, nire karrera amaitu eta hilabete batzuetara. Hona etorri aurretik, hilabete bat eman nuen ikastola batean ordezko irakasle gisa, eta, lan horren ondoren, aukera hau agertu zen.

Eta nolakoa da herri horretan euskara irakasle izatea?

Niri asko gustatzen zait. Ikasleek interes handia dute eta ahalegin handia egiten dute gure kultura ezagutzeko. Oro har, hemen irakastea desberdina dela uste dut. Ikasleak irakasleen ahaleginagatik eskertuta daude eta asko estimatzen dute ikasi ahal izatea; beraz, nire lana baloratzen dute eta oso konprometituta daude. Aldi berean, irakasleok badakigu gure lana zerbitzu bat ematea dela, eta ikasleentzat lan egiten dugula; beraz, garrantzitsuena ikasleen ongizatea da.

Ulertzen dute euskararen balio kulturala?

Oso ondo ulertzen dute hizkuntzaren balio kulturala. Hein handi batean, horrexek bultzatzen ditu aztertzera. Euskara ikastea erabakitzen duten ikasleak oso kontziente dira hizkuntza txikia dela eta mendeetan zehar bizirik iraun duela, nahiz eta hizkuntza askoz handiagoez inguratuta egon. Ikasle batzuk egoera politikoaz eta historiaz ere jabetzen dira, eta, ondorioz, erakargarritasuna handiagoa da. Jakina, erakargarritasun linguistikoak ere garrantzi handia du, nire ikasle gehienak filologietako edo hizkuntzalaritzako ikasleak baitira. Beraz, hizkuntza isolatua izateak, jatorri ezezaguna eta ez indoeuroparra izateak, atentzioa ematen die. Hizkuntzarekiko interesaz gain, lagun edo bikote euskaldunen bat zuten ikasleak ere izan ditut.

Nafarroara itzultzeko asmoa duzu?

Ez nizuke erantzuten jakingo... Inprobisatzea planeatzea baino gehiago gustatzen zait; beraz, ez dut baztertzen, baina ez dut planteatzen.

Zer nabarmenduko zenuke Finlandian bizitzearen eta lan egitearen abantaila eta eragozpen nagusitzat?

Beno, esan dudan bezala, ez dut esperientzia handirik irakasle gisa Nafarroan, beraz, ez dakit konparaziorik egin dezakedan. Dena den, ez nituzke deituko “abantaila” edo “eragozpen”: uste dut Nafarroa eta Finlandia kulturalki ezberdinak diren bi leku direla. Adibidez, hemengo lan-ordutegia askoz trinkoagoa da: bazkaltzeko, jendeak normalean hogeita hamar minutu inguru izaten ditu, eta Euskal Herrian, aldiz, ordu eta erdi edo bi ordu izaten dira, adibidez.

Soldata bizi-kalitatearen araberakoa da, beraz, bai, gehiago kobratzen da, baina hemen bizitzea ere garestiagoa da.

Hemengo jendea zintzoagoa eta zuzenagoa da, baina han irekiagoak eta sozialki aktiboagoak dira -hau faltan botatzen dudan zerbait da-, baina egia esateko zintzotasuna askoz gehiago estimatzen dut. Gizarte-bizitza, oro har, oso desberdina da hemen, eta, ahal banu, hango giroa ekarriko lidake.

Eskandinaviar herrialdeetako bizi-kalitatea pentsatzen dugun bezain altua al da benetan?

Bizi-kalitatea oso ona da, bai. Ezin naiz kexatzen. Gizarte honetan huts egiten duen gauza bakarra gizarte-hezkuntza da. Hau da, uste dut ez dutela modu naturalean sozializatzen ikasi eta, askotan, behartuta daudela dirudi. Askorentzat zaila da sozializatzea, eta, beste batzuentzat, alkohola da sozializatzeko modua. Uste dut Helsinkin alkoholismo arazo handi bat dagoela.

Lan-merkatua gurea baino hobea da?

Bai, uste dut lan-merkatua hobea dela hemen. Gazteentzat askoz aukera gehiago daude, enpresek asko baloratzen dute interesa, eta normalean udan hainbat lanpostu eskaintzen dituzte bekadun gisa, ondo ordainduta, soldata duinarekin eta funtzio garrantzitsuekin. Horrela, graduatu berriek (edo graduatzeke daudenek) lan-esperientzia lor dezakete. Asko erreparatzen diote ikasteko duzun gogoari eta taldean eta banaka lan egiteko duzun gaitasunari, baina, era berean, lantokiaren araberakoa da (leku guztietan bezala). Bestalde, nazioartean irekiagoak direla esango nuke, Helsinkin behintzat: ingelesa eskatzen duten lanpostuak eskaintzen dituzte, non ez den beharrezkoa finlandieraz hitz egitea. Niri ondo datorkit hori, nahiz eta ahal dudan guztia egiten ari naizen hizkuntza ikasteko, errespetuz eta gustuz.

Zein izan da zure bizipenik onena Finlandian daramazun urte hauetan guztietan?

Anekdota asko izan ditut, batez ere lehen urtean, oraindik hiriari eta jendeari moldatu ez nintzelako. Nahiko gafe izan nintzen. Gogoan dut goiz batean presaka irten nintzela etxetik autobusa hartzera, aurreko gauean kafea sutan ahaztu nuelako eta kafe-makinak ni lo nengoela eztanda egin zuelako. Beraz, hurrengo goizean dena garbitu behar izan nuen lanera joan aurretik. Beraz, autobusarengana korrika joan behar izan nintzen. Zorionez, gidariak ikusi eta zain eduki ninduen, baina sartu eta eseri nintzenean, denak niri begira zeudela ikusi nuen, inork ezer esaten ez bazuen ere. Nik uste nuen traba egingo ziela gidaria nire zain egoteak. Baina, leihotik begiratzean, konturatu nintzen autobusaren bila nenbilela, motxila irekia nuela eta nire gauza guztiak lurrera erori zirela arrasto bat utziz; hor ulertu nuen horregatik ari zitzaizkidala denak niri begira. Finlandian, normalean jendea ez da intrusiboa eta, askotan, eskatzen ez baduzu, ez dizute laguntzarik eskaintzen. Kosta egin zitzaidan ulertzea, baina errespetuagatik da. Tira, hurrengo geltokian jaitsi eta oinez itzuli behar izan nuen dena jasotzera. Bitxia bada ere, garaiz iritsi nintzen lanera.