Eduki publikatzailea

Aritz Izura elkarrizketa

“Bangladeshen urte hauek igaro ondoren, ‘todoterreno’ bat bihurtu naiz eta prest nago datorrenerako”.

2014an, Aritz Izura Zabalegi iruindarrak Nafarroa utzi eta Bangladeshen finkatu zen. Porcelanosa enpresako CEO da Asiako herrialde horretan, eta enpresa zuzentzen du maila operatibo eta estrategikoan. Hasieran, zortzi langile zituen bere ardurapean; gaur egun, berriz, 100. Kultur talka gainditu ondoren, adopzio herrialdean “dinamismoa eta negozio berriak ekiteko, ikasteko eta garatzeko gosea” nabarmentzen ditu. Nafarroaz hitz egiten duenean, distantziatik, punta-puntako sektoreen gorakada nabarmentzen du, hala nola “berriztagarriak, automobilgintza edo nekazaritza-prozesamendua, berrikuntzan eta garapenean zeresan handia baitute”. Ez du baztertzen Nafarroara itzultzea, eta egunero erronka eta aukera berri gisa hartzen du ikasteko eta besteei garatzen laguntzeko.

Zein izan da zure ibilbide profesionala gaur egungo enplegura iritsi arte?

Banaketaren munduan Iruñean hasi nintzen lanean, Kiabi edo PC City bezalako dendetan, non merkataritza, logistika eta kudeaketa jarduerak garatu nituen. Urte pare baten ondoren, lagun batzuekin ekitea erabaki nuen, marketinera eta teknologia berrietara bideratutako enpresa bat sortuz. Garai horretan sortu genuen, adibidez, definde.com aisialdirako ataria, eta horrek aukera eman zigun Nafarroako aisia, kultura eta turismoaren munduarekin lotzeko. Hasiera hartatik, hainbat proiektutan sartu ginen, Osasuna Manager kasu. Eta argitalpen gastronomiko batzuk atera genituen, turismoa sustatzeko ekintzak, eta hainbat ekitalditan parte hartu nuen sorkuntzan eta lankidetzan.

Eta nola sortu zen Nafarroatik irten eta beste kontinente batera jauzi egiteko aukera?

Etapa hori amaitu ondoren, kulturaren eta ekitaldien munduari lotuta jarraitu nuen denbora batez, aldaketa bat behar nuen unea iritsi zen arte. Orduan sortu zitzaidan aukera Bangladeshera joateko Porcelanosako elkartekidearen CEO gisa. Erronka bat bezala hartu nuen, ez nuen birritan pentsatu eta hemen nago. Zortzi urte igaro dira ordutik.

Zer proiektu garatzen dituzu zure egungo enpleguan?

Eraikuntzaren sektorean dihardugu, batez ere balio erantsi handiko materialen salmentan eta horniduran, bai eta obrako proiektuak gauzatzean ere. Porcelanosaren sozioak gara herrialdean eta taldeko enpresen produktu guztiak banatzen ditugu. Bezero partikularrekin zein Bangladeshko eraikuntza-enpresa handienekin egiten dugu lan, bizitegi-eraikinetan, merkataritzakoetan eta publikoetan. Herrialdeko lurralde osoa hartzen dugu, Dhaka eta Chattogrameko bi egoitzetatik, bi hiri garrantzitsuenetakoak. Nire lana enpresa zuzentzea da, bai maila operatiboan bai estrategikoan, eta zuzeneko inplikazioa izatea salmenten, marketinaren, finantzen eta erosketen sailean. Gure produktu guztiak Espainiatik inportatzen dira, eta, beraz, azken zati horrek garrantzi handia du.

Zure lanetik gehien gustatzen zaizunari buruz galdetzen badizute, zer nabarmenduko zenuke eta zergatik?

Ni oso pertsona irekia naiz, asko gustatzen zait langileekin, bezeroekin, hornitzaileekin eta bestelako kolaboratzaileekin harremanetan egotea. Nire eguneroko zati horrek nire lana oso dinamikoa egiten du, eta hori gustatzen zait. Ez dut monotonia atsegin, ez eta ordenagailuaren aurrean bulego batean zortzi orduz egotea ere.

Nirea jendearekin harremanetan jartzea da, proiektuak aurrera atera daitezen ahal den guztia egiten laguntzea, ekarriko dituzten konponbideak bilatzea eta, nire taldearekin batera, etengabe haztea eta hobetzea. Zortzi urtean lau langile izatetik egungo ia ehun izatera pasa den ETE bat gara, eta hazten jarraitzen dugu. Horrek eragiten du egun bakoitza erronka bat izatea eta, aldi berean, ezin erlaxatzea. Nire lanak, harreman publikoen eta salmenten atalaz gain -hori da gehien gustatzen zaidana-, parte hartze handia du diseinuan eta irtenbide teknikoetan. Eroso sentitzen naiz eta egunero gauza berriak ikasten ditut.

Garapen profesionaletik harago, talka kulturala ez da erraza izan. Zer erronka nagusiri egin behar izan diezu aurre?

Produktuaren gaiaz gain, niretzat guztiz berria zena -eta horrek pilak jartzera behartu ninduen-, desberdintasun kulturala da, agian, hasieran konpondu behar izan dudan erronkarik handiena. Behin herrialdearen eta bertako jendearen idiosinkrasia ezagutzen duzunean, erronka izateari utzi eta indargune bihurtzen da; izan ere, egokitzen bazara eta buru irekikoa bazara, asko aberasten zaitu. Zortea dut lagunak eta jende ikusgarria ditudalako ondoan, behar duzunerako.

Zein desberdintasun ikusten dituzu lan-ingurunean, Nafarroakoarekin alderatuta?

Bangladesh garapen bidean dagoen herrialdea da, urtean % 6-8 haziz. Dena oso azkar doa hemen, edo hori iruditzen zait. Ikusten dudanaren arabera, badirudi ezetz, asko kostatzen dela dena, eta hala da, baina nik, egunero tratatzen ditudala herrialdeko enpresaburu garrantzitsuenetakoak, dinamismo bat ikusten dut, negozio berriei ekiteko, ikasteko eta garatzeko gosea, eta Nafarroan ez dut horrelakorik ikusten. Nafarroan nahiko ondo bizi dela uste dut. Horren ondorioz, batzuetan pixka bat moldatzen gara. Bestalde, ikusten dut Nafarroan pixkanaka zerbait aldatzen ari dela eta kanpora zabaltzen ari garela, non puntako sektoreek, hala nola berriztagarriek, automobilgintzak edo nekazaritza-prozesamenduak, adibide batzuk jartzearren, zeresan handia duten berrikuntzan eta garapenean.

Zure ikuspuntutik: zein abantaila eskaintzen ditu zauden herrialdeak garapen profesionalari dagokionez?

Hemen neure burua egin dut, nire taldearen eta nire kontseilarien laguntzarekin, eta nahi adina egiteko daukat, beraz, erronka handia da. Uste dut Espainian askoz ere zailagoa izango litzatekeela.

Zer ikasketa nabarmenduko zenituzke?

Zortzi urte hauetan hainbeste ikasi dudanez, dena kontatu beharko banu, ez nuke jakingo nondik hasi. Beharbada, lidergo-gaitasuna garatzea eta erabakiak presiopean hartzea nabaritu dut gehien. Beti esaten dut: zenbat eta jende gehiago kontratatu, orduan eta lan gehiago daukat nik; eta horretan nabil orain, horri buelta ematen, kudeaketa operatiboko taldea handituz, gai estrategikoei denbora gehiago eskaini ahal izateko. ‘Todoterreno’ bat bihurtu naiz eta prest nago datorrenerako.

Nafarroara itzultzeko asmoa duzu?

Ezin duzu inoiz ezetz esan zure etxera, zure lurraldera, familiarekin eta lagunekin itzultzeari. Epe labur edo ertainean Bangladeshen jarraitzea da nire helburua, baina badago aukera, bospasei urteko epean, familiarekin berriro Nafarroan finkatzeko; eta auskalo Nafarroako enpresekin lan egiteko, edo hainbat negoziotan Bangladeshekin zuzenean lotuta jarraitzeko. Duela 20 urte lanean hasi nintzenetik, uste dut beti egon behar dela zabalik motibatuko zaituzten erronka berrietara, eta aukera asko daude, hori da garrantzitsuena.