Eduki publikatzailea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa aukeratu dute Europako erakunde gisa "InteVol" proiektua garatzeko

Nafarroako Unibertsitate Publikoa aukeratu dute Europako erakunde gisa "InteVol" proiektua garatzeko

24/01/2022

Proiektua Asier Marzo Perezi emandako "Starting Grant" laguntzari esker gauzatuko da eta talentua erakartzea ahalbidetuko du Nafarroan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datozen bost urteetan garatuko du "InteVol" proiektua, Asier Marzo Pérezi –irakasle, ikertzaile eta Smart Cities Institutuko (ISC) kidea– unibertsitate horretan emandako laguntzari esker.


Marzok "Starting Grant" laguntza lortu du, Europar Batasuneko European Research Council (ERC) erakundearen ospe zientifiko handieneko laguntza, hau da, bost urtean 1,5 milioi eurorainoko finantzaketa. Laguntza hauen onuradunek beren proiektua gauzatuko duten Europako erakundea aukeratu dezakete eta Asier Marzok NUPen garatzea erabaki du. "Unibertsitate honi maitasun berezia diot; bertan ikasi nuen eta sustatzen lagundu nahi dut, bai ikerketan, bai irakaskuntzan", azaldu du Martxok. Bere esanetan, "gure ikasleen talentuak ez du inbidiarik Erresuma Batuko edo Frantziako beste erakunde batzuenarekin, eta etorkizun hobea nahi badugu, irakaskuntzan eta ikerketan talentua behar dugu".


Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketa errektoreordearen hitzetan, “ERC laguntza hori lortu duen Asier Marzo ikertzaileak, horrek dakarren aintzatespen zientifikoarekin, NUPek bere proiektua garatzeko aukeratzea zorioneko arrazoia da unibertsitatearentzat eta Nafarroako gizartearentzat. Lorpen aparta da, ideia disruptiboak sor baititzake hemen, Nafarroan. Unibertsitatearentzat, bereziki, pizgarri handia da talentua erakartzeko ingurune on bat sortzeko lanean jarraitzeko, eta, jakina, merezi du nabarmentzea horrek guztiak NUPi ematen dion ikusgarritasun eta ospe handia nazioartean”.


InteVol eta izan ditzakeen aplikazioak
“InteVol: Interactions with a Reach-through Volumetric Display” proiektuak airean proiektatutako 3D grafikoak zuzenean heldu eta manipulatzeko aukera errealitate bihurtu nahi du. “Gaur egun, gure mugikorren pantailetan ikonoak zuzenean ukitzen ditugu eta arrastaka eramaten ditugu mugitzeko; imajinatu hatzarekin zure etxe berriaren diseinua marraz dezakezula zure lagunen aurrean trazuak agertzen diren bitartean; edo imajinatu produktu bat diseinatzen dena holograma birtualak gehituz existitzen diren zati errealetan”, azaldu du Martxok. Ildo horretan, gogorarazi du mundu errealeko objektuekin integra daitezkeen 3D grafikoak proiektatzeko gaitasuna hainbat filmetan aurkeztu dela, hala nola, ‘Blade Runner 2049’, ‘Iron Man’, ‘Ghost in the Shell’, ‘Bones’, ‘Her’, ‘Star Wars’, baina oraindik ez da posible.


“InteVol” delakoak hainbat teknologia konbinatuko ditu lehen display bolumetrikoa zuzeneko interakzioan sortzeko; hau da, hainbat pertsonak eta hainbat angelutatik ikus dezaketen hiru dimentsioko holograma bat. Pertsonek beren eskuak edo beste objektu batzuk sartu ahal izango dituzte displayan, grafikoekin zuzeneko interakzioa izateko. Hauek dira konbinatuko diren teknologiak: lebitazio akustikoa, holografia, partikulen trackinga, adimen artifizial prediktiboa eta partikula optofonikoen mikrofabrikazioa (argiarekin eta soinuarekin modu kontrolatuan elkarreragiten dutenak).


Proiektuaren beste alderdi bat giza eta makinen arteko interakzio-teknikak diseinatzea da, displayan erakutsitako 3D objektuen manipulazio intuitibo eta efizienterako. Giza eta makinen arteko interakzioaren eremuak psikologia, psikofisika, konputazio-zientziak eta elektronikako ezagutzak batzen ditu, makina ulertu behar baita, baina baita pertsonak ere.


Ikertzaile honek adierazten duen bezala, InteVolen potentziala frogatzeko, proiektuak hainbat aplikazio garatzea aurreikusten du. Lehenik eta behin, CAD planoak eta piezak aztertzeko aplikazio bat sortuko da; aurrerago, eredu medikoak bistaratzeko eta prozedura laparoskopikoak planifikatzeko aplikazio bat; eta, azkenik, anbiziotsuenak adimen artifiziala erabiltzen du pertsonen keinuak eta hitzak 3D objektu interaktibo bihurtzeko; hainbat pertsonaren arteko ideia-prozesuak sustatu behar ditu.


Asier Marzo, Liderra lebitazio akustikoan
Asier Marzo Pérez Informatikan ingeniari eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Smart Cities Institutuari atxikitako ikertzailea eta haren zuzendaritza-taldeko kidea. Elektronika eta konputazioko i2tec ikasle-elkartearekin ere lan egiten du, eta STEM aholkularia da Iruñeko Planetarioan. Munduko liderra da lebitazio akustikoaren erabileran interfaze interaktibo berritzaileak sortzeko, eta esperientzia du interakzio-teknikak diseinatzen.


Espediente akademikorik onena lortu zuen NUPen Informatika ikasketak egin zituenean, eta Nafarroako Gobernuaren doktorego-beka bat lortu zuen. Doktoretza ondoko karreran, Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuan lan egin zuen, Bristolgo Unibertsitatean (Erresuma Batua). Software-ingeniari eta bideo-jokoen garatzaile gisa lan egin du.


Jakin-minak gidatutako ikertzailea, fisika, elektronika eta programazioarekiko interesa duena, doktoretzan Ikaskuntzarako bideojokoak, Errealitate areagotua eta Levitazio Akustikoa ikertu zituen. Nature Communications, Physical Review Letters eta PNAS bezalako aldizkari entzutetsuetako argitalpenen egilea da. Interakzio Humano-Konputatzailera (HCI) ere bideratuta daude bere interesak, CHI, UIST, Multimedia eta ISMAR bezalako hitzaldietako argitalpenekin.


Bere lana BBC, Discovery Channel, Nature Videos eta Antena3 telebista kateetan agertu da, eta El Hormiguero saioan hainbat erakustaldi egin ditu Hollywoodeko aktoreen eta beste pertsonaia ospetsu batzuen aurrean. TEDx, Hackaday eta Maker ekitaldi ugaritan aurkeztu du bere ikerketa. Bere argitalpenetako batzuk ospetsuen %1ean kokatzen dira, Altmetricsen arabera, eta, gainera, bere aldizkarietako artikulurik irakurrienak izan ziren.


Duela gutxi UpnaLab ikerketa taldea sortu du https://upnalab.com, non informatika, fisika, elektronika eta mekanika konbinatzen diren gailu interaktibo berritzaileak sortzeko. Helburu nagusietako bat da UpnaLaben garatutako displayak eta gailuak pertsona guztientzat irekiak izatea. Hau islatzen da bere Jarraigarrien sarietan, ehunka sarrera zientzia blogetan eta egiten dituen Maker ekitaldi eta jarduera ugarietan.